Euskal Autonomia Erkidegoan %5,5 areagotu ziren berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak, 2016tik 2017ra, Eusko Jaurlaritzaren azken datuen arabera. Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak azaldu ditu datuak, gaur, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza batzordean, EH Bilduren eskariz.
Arriolak aitortu du datua "txarra" dela. Hala ere, 2005etik eta 1990etik izandako joera aztertuta —nazioartean erreferentzia gisa erabili ohi dira bi urte horiek—, isuriak kopuru esanguratsuan murriztu direla nabarmendu du. 2005. urtetik, %32 murriztu dira isuriak; 1990etik, berriz, %50. Sektore guztietan izan da gorakada, hondakinen arloan izan ezik.
Sailburuak azaldu duenez, 2017ko gorakadan eragina izan du argindarraren sektorean isuriek izan duten hazkundeak. %6 areagotu ziren. Arriolaren esanetan, hazkunde hori "salbuespenezkoa" da, eta hala adierazten dute 2018ko orain arteko datuek. Sektoreko isuriak "nabarmen murriztu" direla ziurtatu du; ia %15, 2017koekin alderatuta. Urte horretan, "lehorte handiak" eragina izan zuela gaineratu du. Argindarraren sektoreak isurien %33 sortzen du EAEn.
Garraioaren sektorean ere %6 areagotu dira isuriak —isurien %32 sortzen ditu sektoreak—, eta industrian %5ekoa izan da hazkundea —isurien %21 sortzen ditu—. Arriolak aitortu du garraioari lotutako kopurua "arazo handia" dela. Industriaren datuekin, aldiz, baikorrago agertu da. Arlo horretan, 2005 urtetik gasen isuria %25 murriztu dela nabarmendu du, eta, 1990etik, %46. Sailburuaren arabera, datu horiek islatzen dute industriaren eraldaketa eta teknologia berritzea bultzatu direla.
Dena den, Arriolak onartu du asko dagoela egiteko gas isurien arloan. Neurri horietako bat izango da klima aldaketaren legea bultzatzea. Sailburuak konpromisoa hartu du urtea amaitu aurretik legearen aurreproiektua aurkezteko. Horretarako lanak aurreratuta daudela adierazi du.
Sailburuak gaineratu du, klima larrialdia dela-eta, ezin dela "Erdi Arora" itzuli, eta beharrezkoa dela Lurraren berotze efektua apaltzeko neurriak uztartzea jarduera ekonomikoarekin eta enpleguarekin.
Oposizioko taldeek Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu dute, klima larrialdiaren aurrean nahikoa ez dela egiten ari iritzita. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du 2017ko datua azken hamabost urteetako okerrena dela. Haren esanetan, Jaurlaritzak "balantze tamalgarria" lortu du amaitzen ari den agintaldian, "lehentasunezkoa" den arlo batean. Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen iritziz, "lasai" ari da gobernua, "larrialdi klimatikoa" ezarri arren. PPko Mari Carmen Lopez Ocarizek Jaurlaritzaren "zen politika" salatu du, eta gas isuriak murrizteko neurri gutxiegi hartzea egotzi dio.
Nafarroan ere gora egin zuen gasen isuriak 2017an. EAEn baino gutxiago, hala ere. 2016arekin alderatuta, %3,8 handiagoa izan zen isurien kopurua.