Hirugarren urtez areagotu dira gas isuriak Nafarroan

2017an 5,4 milioi tona karbono dioxido igorri ziren, 1990ean baino %42 gehiago. 2020rako murrizketa «arriskuan» dagoela dio gobernuak

Hirugarren urtez areagotu dira gas isuriak Nafarroan.
Maite Asensio Lozano.
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Klima aldaketaren aurka Nafarroako Gobernuak marraztutako bide orria betetzea zailtzen ari da. Izan ere, berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa handitzen ari da, 2017. urteko datuei buruz Ingurumen Departamentuak argitaratutako txostenak berretsi duenez. Krisi ekonomikoaren ondorioz hamarkada hasieran atzemandako beherakada hautsi egin dela adierazi dute datuek: hirugarren urtez areagotu dira emisioak. Txostenaren arabera, 1990ean baino %41,9 isuri gehiago izan ziren 2017an, eta 2016an baino %3,8 gehiago.

Karbono dioxido baliokidetan neurtu dituzte emisioak txostenean; planeta berotzea eragiten duten gainerako gasen erreferente gisara erabiltzen da kontzeptu hori. Bada, 2017an, Nafarroan 5,74 milioi tona karbono dioxido baliokide isuri ziren; pertsona bakoitzak, berriz, 8,72 tonako kutsadura igorri zuen.

Krisiaren aurreko garaiarekin alderatuta, nabarmen gutxitu dira gas isuriak. 2014an erregistratu ziren emisiorik apalenak: 4,97 milioi tona karbono dioxido; 2005ean, berriz, 6,6 milioi tona izan ziren. Hamarkada honetan izan den beherakada, ordea, ez da nahikoa. Izatez, txostenak aitortu du 2017ko zifrek «arriskuan» jarri dutela 2020. urterako aurreikusita zegoen murrizketa. Nafarroako bide orriaren arabera, 2005arekin alderatuta %20 gutxitu behar dira emisioak 2020rako, eta jaitsiera hori %18,6koa izan behar zen 2017an, baina %15,9koa izan zen; hau da, 2020rako xedea lortzeko behar zen baino 2,7 puntu gutxiago.

Era berean, gas isurketen eragina dagoeneko kliman antzeman daitekeela adierazi du txostenak. Batetik, bero handiagoa dago: tenperatura ia gradu erdi igo da aurreko mendearekin alderatuta —1961. eta 1990. urteen arteko garaia hartzen dute kontuan—. Bestetik, euri gehiago ari du: prezipitazioak %12 areagotu dira. «Gorakada horiek bat datoz klima aldaketaren inguruan antzeman diren eragin batzuekin, hala nola uholdeen ondoriozko kalte gehiago eta baso suteen igoera», nabarmendu du txostenak.

Igoera handia etxeetan

Ohi bezala, industriak eragin zuen isuri gehien 2017an: 2,6 milioi tona karbono dioxido, aurreko urtean baino 0,1 gehiago. Horren herena baino gehiago (ia milioi bat tona) argindarra sortzeko baliabideetatik etorri zen: Castejongo zentral termikoen jardunari dagokio, batik bat. Hain zuzen, 1990etik gehien hazitako emisioak dira: %3.000 baino gehiago. Ondoren, garraioa da sektorerik kutsagarriena: 1,2 milioi tona igorri zituen orain bi urte, 1990ean baino %32,2 gehiago.

Edonola ere, energiaren ostean aurreko mendetik gorakadarik handiena izan duen sektorea etxebizitzena eta zerbitzuena da: 0,7 milioi tona isuri dituzte, 1990ean baino %83,5 gehiago, eta 2016an baino %6,5 gehiago. Aldiz, lehen sektoreak ditu emaitza onenak: 1990etik %5,2 igo dira emisioak, baina txostenak dio «helburuak lortzen eta gainditzen» ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.