Gasa erauztearen eragina ikertuko du aldundiak

Arabako Ingurumen diputatu Marta Ruizek azaldu du naturari kalte egingo dion jarduerarik ez dela oraindik egin

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Arabako Lautadan fracking sistemaren bidez gasa erauzteko Eusko Jaurlaritzak duen proiektuari buruzko ingurumen azterketa agindu du Arabako Foru Aldundiak. Izan ere, lurpeko gas ez-konbentzional deitutakoa arbel barruan dago, eta bertatik ateratzeko erabiltzen den teknika harria puskatzean datza. Hori dela eta, erauzketak ingurumenean kalterik eragin dezakeen jakin nahi du diputazioak, Espainiako Gobernuak halako txostenik behar ez dela adierazi izan duen arren.

Jaurlaritzaren egitasmoaren inguruan daukan informazioaren berri eman zuen atzo Marta Ruiz Ingurumen foru diputatuak batzar nagusietan. Haren hitzetan, «ingurumenean eragin kaltegarri edo ezin itzulizkorik duen jarduerarik» ez da egin orain arte, eta halakorik gerta daitekeela jakinez gero erauzketaren aurka agertuko litzatekeela esan du. Azterketaren emaitzak esku artean eduki arte, baina, diputatuak ez du bestelako adierazpenik egingo.

Edonola ere, ebazpena ez da bete beharrekoa izango, aldundiak ez duelako azterketa egiteko eskumenik, baina «ondorioak ateratzeko» balioko duela uste du Ruizek. Espainiako Ingurumen Ministerioari legokio ingurumen eraginaren adierazpena lantzea, baina PSOEren aurreko gobernuak ez zuen horren beharrik ikusi. Dena den, Miguel Arias Cañete ministroarekin bilduko dela iragarri du Ruizek, eta gas erauzketen gaia jorratuko dutela.

Nekazarien protestak

Hain justu, erakunde publikoen onespen hori kritikatu du UAGA Arabako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak. Gasa harri barrutik ateratzearen aurka agertu da Idoia Arrazola presidenteordea, horretarako erabili beharreko teknikak ingurumenari erasotzen diolakoan. Ildo horretan, Jaurlaritza kontraesanean dabilela azaldu du: «Logikoa denez, ingurumena errespetatzen duten garapen iraunkorraren araberako produkzio sistemak baliatzeko eta elikagai osasungarriak bermatzeko eskatzen digute guri, baina ez diote inolako oztoporik jartzen teknika erasotzaile honi».

Izan ere, UAGAk gogora ekarri du fracking edo haustura hidraulikoaren sistemaren bidez, azaleko eta lurpeko ura kutsa daitekeela. Gas ez-konbentzionala arbel barruko poltsa txikietan dagoenez, gasa erauzteko harria hautsi behar dute, eta horretarako ura erabiltzen dute, oso presio handian, harearekin eta gai kimikoekin nahastuta.

Hala, sistema horrek «ur gehiegi» erabiltzen duela uste du Arrazolak. Frantzian, teknika hori debekatuta dagoela erantsi du; Amerikako Estatu Batuetako Ingurumen Agentziak ere «hondamen» izendatu du fracking-a, uraren kutsadurarekin lotuta.

Era berean, obren kalteez mintzatu da: lurzorua okupatzea, sarbideak egitea, landa guneetan zirkulazioa handitzea... Hartara, eskaera zuzena egin dio UAGAk Jaurlaritzari: «Arduraz ez ezik, logikaz eta arrazoiz joka dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.