Vicente Abreu, Carmelo Ballester Nieto, Juan de la Cierva, Jose Lejarreta eta Carlos Saez de Tejada kaleei izena aldatuko die Gasteizko Udalak. Udalbatzak Eraiki taldearen proposamena onartu du gaur goizeko osoko bilkuran, eta 2027. urterako kale izendegia berritzeko konpromisoa hartu du. Alderdi Popularrak izan ezik, talde guztiek babestu dute mozioa.
Bostek izan zuten lotura zuzena 1936ko gerrarekin eta diktadurarekin. Kasu, Abreuk antolatu zuen estatu kolpea Araban, eta gobernadore izan zen 1936. urtetik 1943. urtera arte. Kale izendegian, baina, margolari izaera du. Saez de Tejada y Lezamak ere margolari etiketa du kale izendegian, baina frankismoaren propaganda alorrean lan egin zuen. Cara al sol ereserki faxistaren ilustrazioak egin zituen, esaterako. Lejarreta, Gasteizko alkate izan zen 1941etik 1949ra bitartean; Ballester Gasteizko gotzaina izan zen frankismoko lehen urteetan, eta de la Cierva y Codorniuk gerrarako materiala erosi zuen Alemanian eta Italian.
Emakumeek ordezkatuko dituzte. Zeintzuk izango diren, baina, ez dute erabaki. Eraikiren mozioan jasota dago emakumeen izenak jartzeko ideia, «espazio publikoan emakumeak ikusarazteko eta aitortza egiteko», baina izenik barik. Alderdien batasuna lehenetsi dute, aldaketa lehenbailehen gauzatzeko: «Urte askoan luzatu dugu pertsona eta ikur frankista horiek espazio publikotik kentzea. Ezin dugu gehiago atzeratu», salatu dute. «Biktimen eskubideak berrezarri, eta demokraziarekin eta giza eskubideekin konprometitutako gizarte kultura sustatu behar dugu».
Frankismo garaian emandako urrezko dominak eta ohorezko aipamenak kentzea ere onartu dute; esate baterako, Francisco Franco diktadoreari, haren emazte Carmen Polo aristokrata espainiarrari eta Raimundo Fernandez-Cuesta Falangeko idazkari nagusi eta frankismoan ministro izandakoari.
Eraikiren mozioak hogei eragileren babesa jaso du. Tartean dira hainbat sindikatu eta memoria historikoko elkarteak.
Irailean ezabatu zuten ikusgai zegoen Gasteizko azken ikur frankista. Olagibel kaleko Espainiako Poliziaren egoitza zaharretik kendu zuten. Katedral berrian badago beste ikur bat, arranoarena, baina oihal baten atzean ezkutatuta dago.