Gasteiz tentsio handiko eremu izendatzeko eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari

Udalerriko biztanleriaren %97,92 bizi den eremua izendatzeko eskatu dio, Abetxuku, Aretxabaleta, Armentia, Betoñu, Ali eta Gardelegi toki erakunde txikiak barne.

Gasteizko Hans Christian Andersen kalearen inguruan etxebizitzak eraikitzen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko Hans Christian Andersen kalearen inguruan etxebizitzak eraikitzen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2025eko uztailaren 3a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilean eskatu behar zuen, baina azkenean uztailean eskatu du. Hiria tentsio handiko eremu izendatzeko eskatu dio gaur Gasteizko Udalak Eusko Jaurlaritzari. Udal politikari buruzko eztabaida orokorra egin dute, eta hura hasi aurretik Maider Etxebarria alkateak aparteko bilkura batera deitu du gobernu batzarra. Gai bakarra izan dute hizpide: udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera onartzea. 

Pausoa emanda, tramitazioak bere bidea hasiko du. Eusko Jaurlaritzak eskaera aztertu beharko du orain, eta prozedura hasteko agindua eman ondoren, hogei eguneko alegazio aldia irekiko da. Izendapena onartuz gero, indarrean sartuko litzateke hurrengo hiru urteetarako. Neurriak ez lioke udalerri osoari eragingo, landa eremuaren zati bat izendapenetik kanpo geratuko litzateke eta, baina Abetxuku, Aretxabaleta, Armentia, Betoñu, Ehari-Ali eta Gardelegi toki erakunde txikiak barne hartuko lituzke. Beraz, biztanleriaren %97,92 bizi den eremua hartuko luke tentsio handiko eremuak.

Tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzetako bat da pertsonek edo familiek beren diru sarreren %30 baino gehiago gastatzea hipotekan zein alokairuan gehi etxeko oinarrizko horniduretan (ura, argindarra, etxepeko gastuak...). Gasteizen %30,6 gastatzen da etxebizitzaren hipoteka edo alokairua ordaintzeko. Baina ez hori bakarrik: azken bost urteetan, legeak ezartzen duen kopuruaren gainetik egin dute gora bai alokairuko etxebizitzen batez besteko prezioek (%21,2), bai salerosten direnenek (%27,5), eta, beraz, udalerriak baldintza denak betetzen ditu tentsio handiko eremu izendatua izateko.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Gasteizko batez besteko alokairua hilean 619 euro zen 2018an, eta 750 euro, berriz, 2023an —%21eko igoera—. Gainera, etxebizitza baten salmentaren batez besteko prezioa 178.775 eurokoa zen 2019an, eta 227.941 eurokoa 2023an. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Gasteizen familien errenta erabilgarria 38.943 eurokoa da, eta batez besteko errenta 711,0 eurokoa; beraz, %30,6 erabiltzen da horretarako.

Gasteiz tentsio handiko eremu izendatzeko beharrezkoa izango da Arabako Foru Aldundiak erreferentziazko prezioen indizea argitaratzea, Eustatek egindako datuei jarraiki. Funtsezko elementua da hori, lehen aldiz alokatzen diren etxebizitzei edota azken bost urteetan merkatura atera ez diren etxebizitzei aplikatu beharreko muga markatuko baitu.

Etxebizitza berriak eraiki

Gasteiz tentsio handiko eremu izendatzen dutenean, udalak aurreikusi du neurri sorta bat martxan jarriko duela merkatuaren disfuntzioak zuzentzeko eta etxebizitza eskaintza handitzeko. Batetik, etxebizitza babestua eraikitzeari dagokionez, adostu du 2.975 etxebizitza berri eraikitzea, eta horietatik %53 alokairuan izatea. Besteak beste, Zabalganan, Salburuan, Ibaiondon eta Abetxukun eraikiko dira babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak.

Horrekin batera, eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzei eutsiko die udalak, %50eko errekargua aplikatuko die Ondasun Higiezinen gaineko Zergan ohiko bizilekua ez diren etxebizitzei, eta ez du baztertu hutsik dauden etxebizitzei kanon jakin bat aplikatzea. Aurreikusi du, halaber, zerga hobariei eutsiko diela babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko, birgaitze energetikorako edo oztopo arkitektonikoak ezabatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.