Gasteizen 53.000 ikasle etxean egongo dira hamabost egunez

Haurrak kutsa ez daitezen hartutako neurriekin kezkatuta daude gurasoak, kontziliazioarengatik: «Ezin dugu aitona-amonengana jo». Steilasek «kezka» adierazi du irakasleak lanera joan beharko dutelako eskolak itxita egon arren.

Gasteizko San Viator ikastetxea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
2020ko martxoaren 9a
16:39
Entzun

Araba da Euskal Herriko arretagune nagusia koronabirusarengatik, eta lurralde hori izan da birusa hedatzea eragozteko ezohiko neurriak hartu dituen lehena. 53.000 ikaslek etxean pasatuko dituzte hamabost egun, bihartik hasita; Gasteizko ikastetxe, haur eskola, institutu, fakultate eta hezkuntza zentro guztiak itxiko dituzte, 70 inguru. Gaixotasuna haurrek eta gazteek izan ohi dute gutxien, baina ingurukoak kutsatzeko duten arriskuagatik hartu dute neurri zorrotz hori. Bertan behera utzi dituzte eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola kirola ere.

Eusko Jaurlaritzak eguerdian hartu du erabakia, baina Arabako hiru ikastetxetan lehenago utzi dituzte eskolak bertan behera: Bastidako bitan eta Gasteizko batean.

Ikastetxeetan ez dute eskolarik emango, baina irakasleek lanera joaten segituko dute. Steilas sindikatuari «kezkagarria» iruditu zaio hori, eta administrazioari eskatu dio hezkuntza zentroek «autonomia» izan dezatela erabakiak hartzeko «horrelako ezohiko egoeretan».

Zalantzarik handiena, ordea, gurasoek izango dute orain: zer egin haurrekin bi astez? Goizean Gasteizen itxi duten Odon de Apraiz ikastolako guraso batzuen kezkak jaso ditu EFE berri agentziak. Goizean bertan izan dute erabakiaren berri, eskolak hasi aurretik: mezu bat jaso dute eskuko telefonoan, esanez ikastetxea itxi egingo dutela, koronabirus kasuengatik. Ez diete zehaztu noiz arte. Haurrak COVID-19 gaitzarekin kutsatzeak kezka eragin du, baina, horrekin batera, kontziliazioak ere bai.

Horrelako egoeretan, aitona-amonak izan ohi dira lehenengo aukera. «Baina adineko pertsonak arrisku talde bat dira. Ezin dugu aitona-amonengana jo», esan du ama batek. Bi alabak eskola horretara eramaten ditu, eta, senarrak eta biek txandaka lan egiten duenez gero, haientzat errazagoa izango da haurrak zaintzea, nahiz eta lanean «malgutasuna» eskatu beharko duten.

Beste ama batek informazio eta zehaztasun falta salatu du. Adierazi du administrazioak ostiraletik zuela egoeraren berri, eta Hezkuntza Sailak ez duela ezer esan goizera arte. «Desinformazioa erabatekoa da», salatu dute gurasoek. «Abisua jaso dudanean lanean nengoen; eskerrak beste guraso batek alaba bere etxera eraman duen», kontatu du hark.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.