Gasteizko mugimendu feministak ohartarazi du bi emakumek ezin izan dutela salatu ostiral goizean jasandako eraso matxista. Andreek azaldu dutenez, lanera oinez zihoazela gertatu zen erasoa: gizonezko batek autoz jarraitu zien, eta, ibilbide osoan zehar, masturbatu egin zen adi-adi begiratzen ziela. Ertzaintzan salaketa jarri nahi izan zutenean, poliziek erantzun zuten halako kasuetan ezin dutela ezer egin. Haien arabera, exhibizionismoa ez da delitua adingabeen aurrean egiten ez bada. Feministek nabarmendu dute eraso matxista bat dela, eta gogora ekarri dute ez dela Gasteizen salaketa bat jartzea oztopatzen duten lehen aldia.
El Correo kazetak argitaratutako albiste bati erantzunez bidali zuen oharra atzo Gasteizko mugimendu feministak. Erasoaren larritasunaz ohartarazi zuten agirian: emakumeek behin baino gehiagotan aldatu zuten ibilbidea, baina gizonak haien atzetik segitu zuen. Erantsi zuten ez dela ekintza beragatik auto hori salatu duten lehen aldia; hala berretsi du Ertzaintzak.
Egoera hori Arana auzoko sexu abusuen pare jarri dute feministek. Kasu hartan, bi emakume non zeudela ez zekitela esnatu ziren auzoko festetan ibili ondoren. Osakidetzara eta Ertzaintzara jo zuten, eta adierazi zutenez, ez zuten instituzioen babesik jaso salaketa ezartzeko unean. Feministek oroitarazi dute aurten Gasteizen hildako bi emakumeak ere ez direla ofizialki genero bortizkeriaren biktimatzat hartu.
Indarkeria matxistaren aurkako salaketak ipintzeko oztopoen aurrean, erasoaren esanahia bera «zabaltzea» eta eztabaida «herritarrei hedatzea» eskatu du Gasteizko mugimendu feministak: «Horrelako kasuak erasotzat ez dituen biolentziaren legearen hertsikeria salatu nahi dugu». Gogorarazi dute erasoak ez direla soilik kolpeak, erailketak eta bortxaketak: «Ukituak eta jazarpenak ere erasoak dira». Gertatutakoa eraso matxista bat izan dela argi utzi du mugimenduak: «Erasotzailea emakumeen atzetik joan zen autoz; beraz, premeditazioa eta intentzioa agerian geratu zen».
Gaineratu dute gizonaren ekintza delitua ez izan arren ekintza bera salatu daitekeela, eta, ondorioz, emakumeek ez zutela momentuan beharrezkoa zen arreta jaso. Mugimendu feministak, berriz, «babes osoa» eskaini die eraso egin zieten andreei. Ohartarazi dute Gasteizko festak datorren astean hasiko direla eta emakumeen aurkako erasoak «areagotuko» direla jai giroan.
Erasoengatik atxilotuak
Gasteizko erasoaz gain, lau gizonezko atxilotu dituzte azken egunetan indarkeria matxista egotzita. Atzo gizon bat atzeman zuten Arrangoitzen (Lapurdi), ustez bere bikotekide ohia bortxatzeagatik. Emakumeak salaketa ipini, eta Poliziak eraman zuen gizona.
Nafarroan, bestalde, hiru gizon atxilotu dituzte genero-indarkeria delituak egotzita. Lehena, Iruñean atzeman dute; bikotekidea larri zauritu zuen, eta Nafarroako Ospitale Gunean artatu behar izan zuten andrea. Tafallan atxilotu dute bigarrena. Polizia bikotearen etxera joan zen, eta etxeko objektuak puskatuta aurkitu zituen; gizonak mehatxatu egin zuela salatu zuen emakumeak. Azkena Tuteran atxilotu dute, urruntze agindua hausteagatik.
Gasteizen sexu abusuak salatzeko zailtasunak berretsi dituzte feministek
Mugimenduak azaldu du ez dela eragozpenak jartzen dizkieten lehen aldia. Arrangoitzen eta Nafarroan ere salatu dute indarkeria matxista

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu