Gasteizko autobus geltoki berriageroz eta urrunago dago Arriaga parketik. Javier Maroto alkate berriak geltokia bertatik mugitu eta Euskaltzaindia plazan egitea proposatu du. Egitasmoarekin guztiz bat etorri ez arren, egungo egoera ekonomikoa ikusita kokapen berria «zentzuzkotzat» jo du Bilduk, eta geltokia Arriagan ez egiteko konpromisoa ere adierazi dio hori aldarrikatu duen herri mugimenduari.
Bilduk gogor kritikatu du Gasteizko azken hiru udal gobernuen jarrera. Hiriko proiektuekin «jolastu» izana leporatu die, baita «arduragabekeria» erakutsi izana ere hiriaren planifikazioa egitean. «Norberaren protagonismoa eta elkarren arteko mendekuak lehenetsi dituzte», salatu du Kike Fernandez de Pinedo Bilduko bozeramaileak.
Marotoren proposamena «sakonki» aztertuko dutela jakinarazi du, beste egitasmo baten alde egin arren. Gaur egun tren geltokia dagoen tokian geltoki intermodal bat egitea proposatu zuen Bilduk, eta trenbideak gaurkoen azpitik lurperatu. Ordea, azken egunotan Marotok proposatutako kokapena «zentzuzkoa» dela gaineratu du.
Arriagako autobus geltokiaren aurka hiritarrek eginiko mobilizazioak txalotu ditu Bilduk, eta bat egin du parkea gaur egun dagoen bezala mantentzeko aldarrikapenerekin.
Bigarren diseinu aldaketa
Marotok proposatutako tokian BAI Center (Business and Arts International Center) ari dira eraikitzen une honetan, baina egitasmo «erraldoi» hori gelditu nahi duela aurreratu du, eta orain arte egindako lanak baliatu autobus geltoki berria egiteko. Hortaz, alkatearen proposamen berria onartuz gero, jatorrizko diseinua aldatu beharko litzateke toki berrira egokitzeko, eta azken bi urtetan egindako bigarren diseinu aldaketa litzateke.
Arriaga parkean aurreikusitako geltokietako bat baino ez da autobusekoa. Tren geltoki berria ere han egin nahi dute. Baina autobusenak baino askoz kalte handiagoa eragingo luke parkean. Geltoki hori lekuz aldatuko ote den ez du jakinarazi Marotok. Horretaz gain, alkateak ez du esan lekuz aldatzen ez bada elkarren artean 300 metrora egongo diren bi geltokiak nola lotuko dituzten.
Gasteizko autobus geltokia, Arriagatik urrunago
Bilduk «zentzuzkotzat» jo du geltoki berria Euskaltzaindia plazara mugitzea, Marotok proposatu bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu