Gasteizko autobus geltokia non jarri, uztailean egingo dute erabakitzeko galdeketa

Galdeketaren aldeko boza eman dute Bilduk, PSE-EEk eta EAJko bi zinegotzik; ez duela oztopatuko esan du PPk

Herrandarren kalean dago, gaur egun, Gasteizko autobus geltokia. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Herritarrek izanen dute hitza. Gasteizko Udalak galdeketa eginen du datorren uztailean, hiriko autobus geltokia non kokatu erabakitzeko. Ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo Gasteizko udaletxean, eta kontsulta egitearen alde bozkatu zuten Bilduk, PSE-EEk eta EAJko bi zinegotzik; EAJko gainerakoak abstenitu egin ziren. Eta PPk, berriz, kontrako boza eman zuen.

PPko Miguel Garnikak nabarmendu zuen kontsulta egitearen aurka dela bere taldea, baina gaineratu zuen ez duela oztopatuko. Herritarren bizkar egitea ez duela onartuko argi utzi zien Javier Maroto alkateak zinegotziei, hala ere, eta kostua haiek ordaindu beharko dutela ohartarazi zuen. 130.000 euro ingurukoa da aurrekontua. Osoko bilkurak ez du zehaztu nola ordainduko den.

Galdeketa bete beharrekoa izan dadin, 18 urtetik goitiko herritarren %20k eman beharko dute boza, gutxienez. Bi aukeraren arteko hautua egin beharko dute: autobus geltokia Euskaltzaindia plazan egitearen alde, edo Arriaga parkean kokatzearen alde.

Parte hartu

Bilduk eraman zuen galdeketa egiteko proposamena atzoko osoko bilkurara. Kike Fernandez alderdi horren bozeramailea kontent agertu zen proposamenak aurrera egin zuelako: «Kontsultarekin, demokrazia parte hartzaileak irabazten du».

Sozialistek Arriagan nahi dute autobus geltokia, Patxi Lazkozek atzo azaldu zuenez. Euskaltzaindia plazan egingo balitz proiektua hamazazpi milioi eurokoa izango litzatekeela adierazi zuen. Azken aukera hori,hain zuzen ere, babesten du PPk .

EAJ, berriz, hirugarren aukera baten aldekoa da; hori dela eta, onartu den galdeketak ez du erabat kontent utzi alderdi hori. Gorka Urtaranek tamalgarritzat jo zuen atzo kontsultan hirugarren aukera hori jaso ez izana. EAJk nahi du autobus geltokia egitea abiadura handiko trenarekin lotutako geltoki berria jarriko duten toki berean. Urtaranek salatu zuen, atzo, Bilduren ardura dela herritarrek hirugarren aukera hori bozkatzeko aukerarik ez izatea.

Uztailean izanen da galdeketa, baina oraindik ez dute egunik zehaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.