ETXEBIZITZA

Gasteizko bizilagunek diote zerga %50etik gora igoko dela

Ogasun batzordeak PP, PSE, EA eta EBren botoekin onartutakoa «adar-jotzea» izan dela salatu du herri plataformak

GASTEIZ
2004ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Gasteizko etxebizitzen zergaren igoeren aurka elkartutako herri-plataformak gogor salatu du Ogasun batzordeak iragan osteguneko bileran onartutakoa. «Itzelezko igoera onetsi zen», esan du Guillermo Perea eledunak, berriari egindako adierazpenetan. Datorren urteko ordain-agiriek, batez beste, %50etik gorako garestitzea izango dutela aurreikusi du.

PSE, EA eta EBk proposatu eta PPk ere alde bozkatutako erreformak koefiziente berria ezarriko du indarrean: %0,180 (eta ez urrian proposatutako %0,197). Gainera, %40 eta %99 bitarteko bonifikazioez baliatuko dira urtean 18.000 euro baino gutxiago jasotzen dituzten familiak.Talde politiko proposatzaileen arabera, igoera %29 ingurukoa izango da (%42koa zen lehen), baina plataformak ukatu egin du hori, eta onartutakoa «adar-jotzea» besterik ez dela kritikatu.«PSE, EA eta EBk lan polita egin dute, baina, hain zuzen ere, PPri babak eltzetik ateratzeko», erantsi du Pereak Ogasun batzordeak onetsitakoari buruz.EAJk, berriz, ez zuen begi onez ikusi hiru aurkezleek «aurrerakoitzat» hartutako proposamena. Herritarrei «uste baino askoz mesede gutxiago» egingo diela iragarri du eta gaiari buruz Arabako Biltzar Nagusietan aurkeztutako ekimena noiz eztabaidatuko zain da «benetako justizia egiteko»

Manifestazioa etzi eta protestaldia ostegunean

Nolanahi ere, egia da udal gobernu taldeak atzera egin behar izan duela hasieran ÐurrianÐ proposatu zuenaren aldean. Zerikusi zuzena izan du auzo elkarte, sindikatu nahiz gizarte talde batzuek mobilizazioei ekin zietela etxebizitzen zergak dezenteko igoera izan behar zuela jakin bezain pronto, ia 22.000 alegazio aurkezteaz gain.

Pereak dioenez, dagoeneko hogei asanblada inguru egin dira Gasteizko auzo guztietan auziari buruz eta, gehienetan «herritar ugari» aritu dira lanean.EBko Jose Navasek Ogasun batzordearen saioan aitortu zuen udal talde politikoek zer edo zer eskaini behar zietela bizilagunei: «Ezin dezakegu onartu hainbeste mobilizazioren emaitza zero izatea». PPko Javier Marotok ere erreformaren beharra argudiatu zuen esanez akordio berria lortu behar zela «herritarrei entzunda».Batzordean onartutako erreforma behin betiko onetsiko du udalbatzak datorren ostegunean. Hala eta guztiz ere, plataformaren gaitzespena ez da faltako ez barruan ez kanpoan: herriaren txandan mintzatuko da, eta, halaber, elkarretaratzea izango da Plaza Berrian. Gainera, manifestazioa egingo du etzi.Plataformako bozeramailearen ustez, aste batzuk igaro arren, «herri ekimenaren indarrak ez du behera egin». Alde bakarra da arreta pasa dela zergan proposatutako igoeraren aurkako alegazioetatik «katastroaren kontrako frontera».Beste alde batetik, Pereak uste du Udalak ez dagokion eskumena hartu duela koefizientearen aldaketa dela medio: «Biltzar Nagusien egitekoa da hori. Beraz, gure ustez, oso litekeena da Udalaren erabakia baliogabea izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.