Gasteizko gaztetxeak Ertzaintzaren erasoa salatu du

Gazte Asanbladak jakinarazi du lagun bat atxilotu, hamabost zauritu eta bost identifikatu dituztela

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Gasteizko Gaztetxearen aurkako erasoa salatu du Gazte Asanbladak. Larunbat gauean ertzain talde bat eta zenbait udaltzain gaztetxean sartu, han zeuden berrogei lagunak atera, eraikina miatu etapresoen argazkiak kenarazi zizkioten barruan gelditu zen pertsona bakarrari. Terrorismoa gorestea leporatu diote pertsona horri, eta beste bat atxilotu zuten ustez ertzain bati eraso egiteagatik. Horrez gain, eraikinaren kanpoaldean zein Alde Zahar osoan jendea «arrazoi gabe egurtzen hasi ziren», Gazte Asanbladak azaldutakoaren arabera.

Gertakaria larunbat goizaldean izan zen, 04:00ak inguruan. Ertzain talde bat gaztetxean sartu zen orduan, norbaitek iraindu egin ziela argudiatuta. Sartu zirenean jarrera «oso bortitza» izan zutela salatu du Gazte Asanbladak. Ertzaintzak jakinarazi duenaren arabera, bost lagun identifikatu zituzten, errespetu falta leporatuta; identifikatutako pertsona batek ertzain bati eraso egin ziola gaineratu du, eta atxilotu egin zutela.

Gaztetxean presoen argazkiak zeudela ikusita, barruan utzi zuten arduradun bakarrari terrorismoa gorestea leporatu zioten. Horrez gain, gaztetxea miatu zutela nabarmendu du Gazte Asanbladak. Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi du Ertzaintzak eskatuta bidali zuela unitatea, «laguntza zehatza» emateko.

Hori gertatzen ari zela kalean zenbait oldarraldi egon zirela jakinarazi du Gazte Asanbladak, bai gaztetxearen kanpoaldean bai Alde Zaharreko zenbait lekutan. Hain zuzen ere, auzoko irteeretan jarri zirela jakinarazi du, eta etxerako bidean zeuden hainbat pertsona «jipoitu» zituztela.

Hamabost pertsona zauritu zituztela azaldu du Gazte Asanbladak. Horien artean Posta plazaren inguruan «jipoitu» zuten gazte bat dago.

Zenbait kasu azken urteetan

Gaztetxean gertatu zena salatu du Gazte Asanbladak, eta bihar emango du gertatu zenaren inguruko informazioa eta balorazioa. Dena den, gogorarazi du azken urteetan ez dela halako zerbaitgertatzen den lehen aldia. Udaltzainek eta Ertzaintzak gaztetxe inguruan hainbatetan izan direla gogorarazi du Gazte Asanbladak. Duela zenbait hilabete udaltzain batzuk gaztetxean sartu zirela azaldu du, «araudia» betetzen zen edo ez ikuskatzeko. Argazki batzuk atera zituzten gaztetxearen barruan, eta alde egin zuten gero.

Uztailaren 25ean ere ate aurrean istiluak izan ziren, edanda zegoen pertsona batek bertatik igarotzen ari zen udaltzainen kotxe bateko atea irekitzen saiatu zenean. Dozena bat udaltzain eta Ertzaintza patruilak bertaratu ziren. Orduan, ordea, ez zen ezer gertatu gaztetxe barruan, Gazte Asanbladaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.