Gasteizko giza katera lotzera deitu du kultur arloak ere

Eskubide zibil eta politikoen alde egiteko, «ekintzarako unea» dela gogorarazi dute deialdia egin dutenek

Kultur munduko pertsonak, atzo, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. J. RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Sortu, lotu, eraiki». Eskubide zibil eta politikoen alde, konpromisorako deia egin dute Gasteizen kultur arloko hainbat pertsonek. 3.000 laguneko giza katea egin nahi dute urtarrilaren 25ean, eta atxikimenduak jasotzen ari dira astez aste. «Salbuespen politiken aurkako eta auzipetuen aldeko harresi herritarrak giza kate itxura hartuko du». Atzoko agerraldian gogora ekarri zutenez, 48 dira epaiketa politikoetan auzipetutako gasteiztarrak. «Gogoratzea eta ohartzea, ordea, ez zaigu aski; ekintzarako unea da», ohartarazi zuten, herritarrei giza katean parte hartzeko deia eginez.

Kirolariek agertu zuten konpromisoa joan den astean, eta kultur munduko hainbat pertsona izan ziren atzoko agerraldian: besteak beste, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa bertsolariak, Iñigo Salinero Txaflas, Andres Bezares, Marixa Oses eta Gorka Aginagalde aktoreak, Gorka Lazkano eta Unai Lobo musikariak, Juan Ibarrondo, Amparo Lasheras eta Ibai Iztueta idazleak, Iñigo Diaux grafitigilea eta Garazi Goienetxe kantautorea. Ekitaldirako propio egindako abestia ere aurkeztu zuen Goienetxek.

Gainera, agerraldian egon ez arren, babesa eman dute beste hainbatek ere: adibidez, Iban Zaldua eta Karmele Jaio idazleek eta Mikel Urdangarin musikariak.

19:00etarako dago jarrita giza katerako hitzordua, eta Justizia Jauregia, Eusko Legebiltzarra, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza, udaletxea eta Foruen Plaza lotzea da antolatzaileen asmoa. Gasteizkoharresia.com webgunean eman daiteke izena. «Hartu zure metroa», eskatu zieten herritarrei atzo. «Guk egin dugu jada».

Larunbatean, kalejira

Izan ere, «giza kate koloretsua» osatu nahi dutela zehaztu zuten: «Lot ditzagun amantaldun sukaldarien eskuak mozorrotutako antzerkilarienekin». Irudimenari bide emanda, nork bere ekarpena egin ahal izango du bere metroan.

Lehenagorako ere badute zitarik, ordea. Larunbat honetan, kalejira egingo dute 12:30ean Los Angeles elizatik abiatuta, Ekaitz Samaniego gaztea atxilotu eta espetxeratu zutela bi urte bete direla gogoratzeko. Hark eman zuen lehenengoetako pausoa desobedientziaren bidean, aurrena ezkutatu, eta gero Corte Ingleseko eskaileretan agertuta.

Desobeditzea erabaki zuten urrian Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou gazteek ere, eta ez ziren agertu Espainiako Auzitegi Nazionalean beren kontra egiten ari diren epaiketara. BERRIAra bidalitako bideo batean jakinarazi zutenez, larunbatean agertuko dira. Ez dira kalejiran egongo, baina «ahalik eta modu publikoenenean» amaituko dute dinamika.

Herri Harresiaren dinamikari segida emateko, gainera, biltzar bat egingo dute gaur, 19:30ean, Gasteiz Txiki auzo elkartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.