Euskal Herria

Gasteizko Martxoaren 3ko hilketak gaitzetsi ditu Eusko Legebiltzarrak, eta elkartasuna adierazi die biktimei

1976ko martxoaren 3an, Gasteizko San Miguel elizan batzartuta zeuden langile eta ikasleen aurka eraso gogorra egin zuten Espainiako segurtasun indarrek, eta bost lagun hil zituzten. Gertakari haietatik 27 urteren buruan, "asasinatze eta eraso basati haiek" gaitzestea erabaki du Eusko Legebiltzarrak EAJren, EAren, EB-IUren, PSE-EEren eta Sozialista Abertzaleak taldeen botoekin. PP izan da proposamenaren aurka bozkatu duen talde bakarra. Biktimei elkartasuna adierazteaz gain, haien senideek Europako auzitegietan aurrera eramango dituzten ekimenak babesteko prest agertu da Legebiltzarra.

2003ko urriaren 3a
19:03
Entzun
Jaurlaritzako Hiruko Gobernua osatzen duten alderdien eskutik —EAJ, EA eta EB-IU— heldu da Eusko Legebiltzarrera Martxoaren 3ko biktimei elkartasuna eta babesa adierazteko ekimena. PSE-EEko taldearekin zuzenketa bat adostu dute hiru alderdi horiek, eta, azkenik, SA Sozialista Abertzaleak taldeak ere ebazpenaren alde bozkatu du. Beraz, PP da akordio horretatik kanpo geratu den alderdi bakarra.

1976ko martxoaren 3an Espainiako segurtasun indarrek hil zituzten bost lagunen senideek Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalera zein Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordera jotzeko asmoa dute duela 27 urteko gertakari haiek argi daitezen eskatzeko, eta segurtasun indarren gidaritza izan zutenei ardurak galdegiteko. Eusko Legebiltzarrak babesa eskainiko die senideei ekimen horiek aurrera eramateko.

Nolanahi ere, Europara eta Nazio Batuetara jo aurretik, Martxoaren 3ko biktimen elkarteak Espainiakobide judizial guztiak agortu ditu justizia eske, baina ez dute ezer lortu.

Halaber, terrorismoaren biktima gisa onartuak izateko eskakizuna egin zuten, baina Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin zuen gertatutakoa ekintza terrorista izan zenik. Hori gutxi balitz bezala, aurreko uztailaren 2an, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Konstituzioanalk auziaren gainean jarritako helegite guztiak atzera bota zizkieten, eta, ondorioz, Espainiako bide judizialak agortutzat eman ditu biktimen elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.