Talka proiektu feministak beste gune bat okupatu du Gasteizko Alde Zaharreko Hedegile kalean. Proiektuko kideek ohartarazi dutenez, «sistema kapitalista, koloniala eta heteropatriarkala gutxi batzuen onerako» dago egituratuta, eta, beraz, beharrezkotzat jo dute hura iraultzea. Adierazi dute kapitalismoan sortutako arrakala bakoitzak erakusten duela sistema hori garaitu daitekeela, eta hari gerra deklaratzeko prest daudela. Hala, gaineratu dute gune feministaren okupazioarekin erasoak jasatetik erdigunera jauzi egingo dutela: «Badugu behar bat emakume, bollera eta trans moduan gure gorputzak, bizipenak, borrokak, zalantzak eta harremanak lehen lerro batean jartzeko». Horretarako, feministek jakinarazi dutenez, autogestioa, okupazioa eta autodefentsa feminista izango dira haien apustu nagusiak. Areago, azaldu dute Talkak elkarren zaintzarako sare bilakatzeko helburua duela; baita elkar sostengatzeko espazio bat izatekoa ere.
Ez da lehen aldia Talka proiektu feministak gune bat okupatu duela. Orain ia urtebete, 2018ko abenduaren 15ean, Gasteizko Alaba Belasko jauregia okupatu zuten zenbait feministak. Alde Zaharrean bazterrera utzitako eraikin historiko bat da, eta helburuetako bat zen gune autogestionatu ez-misto bat eratzea. Feminismoa eta antikapitalismoa oinarri izango zituen espazio bat izatea ere oinarri nagusietako bat zen, «emakume, bollera eta transentzako leku bat» edukitzea. Handik bi hilabetera, ordea, gune feminista okupatu hura hutsarazi zuen Gasteizko Udaltzaingoak, otsailaren 21ean. Bertako kideek salatu zutenez, udaltzainek «inongo baimen judizialik gabe» hutsarazi zuten eraikina.
Talka, proiektu bat
Talka proiektuko kideen arabera, espazio bat izatetik harago, Talka proiektu bat da. Feministen apustua kalean eragitea da. Beraz, aldarrikatu dute espazioak bide emango diela instituzioetatik haragoko «kontraboterea» sortzeko: «Talka auzo boterea eta auzo defentsa feminismotik eraikitzeko tresna izango da». Hain zuzen ere, feminismoaren garrantzia azpimarratu dute. Azaldu dutenez, feminismoa «zapalkuntza ororen aurka» altxatzen den borroka bat da, eta talka sortzen du egungo «sistemaren erroan». Areago, nabarmendu dute feminismorik ez dagoela antikapitalista ez bada: «Feminismoa ez da produktu bat, ez da kapitalaren mesedetara dagoen zerbait». Funtsean, esan dute feminismoak «ezkertiarra, iraultzailea eta erradikala; zapalduena» behar duela izan.
Lan egunak eraikina atontzeko
Okupatutako espazioari bizi berria emateko asmoz, aste osoko egitaraua antolatu dute, Ataketatik elkarbizitza lelopean. Talkako kideek jakinarazi dutenez, eraikina atontzen jarraituko dute datozen egunetan, bertan gelditzeko asmoa baitute. Aste osorako, auzolanerako deia egin dute; gimnasioa eta liburutegia eraikiko dituzte, besteak beste. Igandean emango diote amaiera aste honetako egitarauari; hain zuzen ere, Talkaren lehen okupazioaren urteurrenean. Argazki masiboa aterako dute Alaba Belasko jauregiaren aurrean, eta, gero, brindisa egingo dute espazio berrian.
Alucina vecina!#EtengabekoTalkan gaude berriro!!
— Talka (@TalkaGasteiz) December 7, 2019
Oraingoan ere leku “berezi” bat okupatu dugu: atea irekita zegoen, gure diruarekin zaharberritutako lokal bati bidea zabalduz.
Gehiago jakin nahi?
Istorio hau ez da ez Marbella, ezta Corleone familia ere.#VGDondeSeHaceLaLeypic.twitter.com/F3UkuGv99m