Gune feminista hutsarazi dute

Gasteizko udaltzainek Talka agindu judizialik gabe hustu dutela salatu dute; bi kide atxilotu dituzte

Gasteizko Udaltzaingoa eta Ertzaintza, Talka gune feminista okupatuaren aurrean. IHANA IRIONDO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Talka gune feminista okupatua hustu zuen atzo eguerdian Gasteizko Udaltzaingoak. Alaba Belasko jauregia zuten okupatua, eta eraikinaren jabearekin eta haren abokatuarekin batera joan ziren poliziak. Talkako kideei hamar minutuko tartea eman zieten gauzak eraikinetik ateratzeko. Haietako batek, ordea, jauregian sartzea lortu zuen, eta atea barrutik ixtea. Kanpoan protestan ari ziren batzuk identifikatu zituzten; bien bitartean, Ertzaintza ere gerturatu zen. Azkenean, sarraila ireki, eta udaltzainek barrura sartzea lortu zuten. Guztira, bi lagun atxilotu dituzten: eraikinaren barrura sartu zen emakumea, eta protestan aritu zirenetako bat; iluntzean aske utzi zituzten biak.

Abenduaren 15ean sartu ziren Alaba Belasko jauregian Gasteizko feminista batzuk. Alde Zaharrean bazterrera utzitako eraikin historiko bat da. Okupatzearekin batera, haien helburua zen gune autogestionatu ez-misto bat eratzea. Hala azaldu zuten urtarrilean BERRIAn: «Feminismoa eta antikapitalismoa oinarri gisa izango zituen espazio baten beharra genuen: emakume, bollera eta transentzako leku bat». Orduz geroztik, eraikina atondu eta hainbat ekintza antolatu dituzte.

Talkako kideek salatu dute udaltzainek «inongo baimen judizialik gabe» hutsarazi dutela eraikina: «Abokatuak esan zigun horrelakorik ezin dutela egin baimen judizialik gabe, eta, beraz, eskatzeko». Hala, haietako bat okupa gisa identifikatu zen, eta baimena erakusteko eskatu zuen. Udaltzainek, ordea, erantzun zioten ez zeukatela halakorik. Pertsona horrek berak lortu zuen ondoren eraikin barrura sartzea, eta atxilotu egin zuten. «Gasteizko hedabide batek azaldu du udaltzainak jabeari laguntzera joan zirela, hark sarraila aldatzeko».

Gertakarien aurrean, «emakume, bollera eta transen» batzarra egin zuten eraikinaren atarian. Elkarretaratze jendetsu bat ere egin zuten iluntzean, Desalojoen aurrean, autodefentsa feminista lelopean.

Ez da lehen aldia

Gasteizko Udaltzaingoa saiatu da aurretik ere Talka gune feminista okupatuan sartzen. Urtarrilean joan ziren udaltzainak lehenbizikoz eraikinera, eta saiatu ziren lorategitik barrena sartzen. Ez zuten epailearen agindurik, ordea. Martxoaren 8ko grebaren aurkezpenean argia moztu zuten. «Udaltzainek hainbat ahalegin egin dituzten eraikinera sartzeko, baina baimen judizialik gabe egin dute», nabarmendu dute Talkako ordezkariek.

Okupazioaren prozesu osoan pertsona batzuk identifikatu dituzte, okupazioaren aurkezpen egunean zein beste egun batzuetan. Halere, bertako kideek jakinarazi dutenez, zenbait identifikatu arren, oraindik behintzat ez zaie inolako jakinarazpenik iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.