Gasteizko eraikinek eguzki energiaren bidez elektrizitatea sortzeko duten gaitasuna neurtu du EHUko Ekopol ikerketa taldeak. Ondorioztatu dutenez, Gasteizko teilatu azaleraren %50 energetikoki bideragarria da eguzki panelak jartzeko. Azalera hori erabat aprobetxatuz gero, Gasteizek urtebetean kontsumitzen duen argindarraren %38 lortu ahal izango luke.
«Hirietan kontsumitzen da energia gehien eta isurtzen da CO2 gehien», ohartarazi du EHUk. Hori dela eta, ezinbestekoa da bertan energia berriztagarriak ezartzea, deskarbonizaziorako bidean. Eremu urbanoetan, baina, «oso lur gutxi» egon ohi da erabilgarri. Horiek horrela, EHUk uste du teilatuetan panel fotovoltaikoak kokatzea dela aukerarik aproposena.
Gasteiz izan dute ikerketa eremu, eta bertako eraikinek horretarako zer gaitasun duten neurtu dute. Alex Tro ikertzailearen arabera, «landa eremuetan makroproiektu fotovoltaiko» ugari daude gaur egun. Horregatik erabaki dute hiri bat izatea aztergai: «Guk zera jakin nahi genuen, dagoeneko humanizatuta dauden espazioetan teknologia horrek zer abantaila eta muga dituen». Gainera, ikerketa horrekin aztertu nahi izan dute ea beste xede batzuetarako erabil daitezkeen lurrak ez okupatzea posible ote den.
Ikerketan ondorioztatu dutenez, Gasteizek urtebetean kontsumitzen duen argindarraren %38 lortuko luke erabil daitekeen azalera guztia aprobetxatuz gero. Datu horiek orain arteko estimazioa hobetu dute, Trok jakinarazi duenez. Erabilitako metodologia da horren arrazoia: «Metodologiak tokian tokiko faktore asko hartzen ditu kontuan kalkuluak egiteko eta, horri esker, errore gutxiago dauka».
«Teknologia berriztagarriak erabili bai, baina trantsizio ekosozialaren kontzeptura hurbildu behar dugu: kontsumo ohiturak aldatu eta energia kontsumoaren murrizketa lehenetsi»
IKER TROEHUko Ekopol ikerketa taldeko kidea
Neurketen arabera, «mendebalde/ekialdera begira dauden teilatu eremuak aproposak» izan daitezke «eguzki energia lortzeko». Horrez gain, hiriko eremu periferikoek «potentzial handiagoa» dute eguzki energia erabiliz argindarra sortzeko, erdialdeko eremuak baino. Izan ere, erdialdean, leku txikiagoan eraikin gehiago eta altuagoak pilatzen dira, eta horrek zaildu egiten du «eguzkiari etekina» atera ahal izatea.
Datuen gurutzaketa
Ekopol taldeak berak garatu du ikerketa egiteko metodologia. EHUk azaldu duenez, «edonorentzat dohainik eskuragarri dauden softwareak» erabili dituzte, zona jakin batzuetako datuak gurutzatzeko eta automatikoki ondorioak ateratzeko. Adibidez, datu base publikoetatik ateratako eraikinen mapetatik eta altuera mapetatik abiatuta, hiriko teilatu azaleraren metro koadro bakoitzaren orientazioa, itzala eta inklinazioa aztertu dituzte. «Sistemari hainbat datu emanez, tresnak automatikoki zehaztu du teilatu bakoitzak zer eguzki erradiazio jasotzen duen eta hortik zer energia sortuko litzatekeen», azaldu du Trok.
Bestalde, sistema horren bidez, zera alderatu egin dute: eraikin batean eguzki panelak martxan jartzeko erabili beharko litzatekeen energia eta instalazio horrek bere bizitza erabilgarrian sor dezakeen energia. Horrela, baztertu egin dituzte bideragarriak ez diren teilatuak.
Troren arabera, metodologiak baliabideak ematen ditu azterketa beste hiri batzuetan egin ahal izateko. Hala ere, ohartarazpen bat egin du: «Teilatuetako instalazio fotovoltaikoak bideragarriak eta beharrezkoak dira neurri batean, baina ikusi dugu horrekin ez dela aski; egoerarik muturrekoenean, hiri bateko teilatu bideragarri guztiak estalita ere, ez litzateke nahikoa izango egungo gizartearen energia eskaerari erantzuteko». Teknologia berriztagarriak erabiltzeaz gain, Trok nabarmendu du «trantsizio ekosozialaren kontzeptura hurbildu» beharra dagoela: «kontsumo ohiturak aldatu eta energi kontsumoaren murrizketa lehenetsi».