Gasteizko tren geltoki berria Arriaga parkean egin beharrean, Pio Baroja ikastetxeko lur sail batean eraikitzea onartu du Espainiako Sustapen Ministerioak. Hala, aintzat hartu ditu EAJk nahiz Ensanche 21 udal elkarteak jarritako helegiteak. Gasteizko Udaleko EAJko bozeramaile Gorka Urtaran Sustapen Ministerioko ordezkariekin bildu zen atzo, eta bertan jakinarazi zioten berria Urtarani.
EAJren arabera, erabakiak agerian uzten du Javier Maroto alkateak autobus geltokia Euskaltzaindiaren plazan eraikitzeko duen asmoa «okerra» dela. «Tren eta autobus geltokiak leku berean jarri behar dira». Maroto pozik dago Sustapen Ministerioak hartutako erabakiarekin, baina ukatu egin du horrek eragina izango duela autobus geltokia Euskaltzaindiaren plazan eraikitzeko erabakian. Gainera, EAJri gogorarazi dio Sustapen Ministerioak berak baztertu zuela Geltokia proiektua. Bi azpiegiturak toki berean jartzea proposatzen zen proiektu horretan.
Marotok orain aste batzuk proposatu zuen autobus geltokia Euskaltzaindiaren plazan eraikitzea. Plaza horretan BAI Center —Bussines and Arts International Center— eraikina aritu dira egiten, eta orain arteko lanak baliatu nahi ditu Marotok bertan autobus geltokia eraikitzeko. Alkateak, ordea, ez zuen zehaztu trenekoarekin zer egingo duen. Tren geltokia eraikitzeak autobusekoa eraikitzeak baino kalte handiagoak eragingo dituela salatu izan dute maiz ekologistek nahiz proiektuaren aurka dauden auzotarrek.
PSE-EE eta EAJ alkatearen proposamenaren aurka daude. Bilduk, ordea, «zentzuzkotzat» jo du asmoa, eta «sakon» aztertuko duela. «Beste egitasmo baten alde gaude, berez. Gure nahia litzateke gaur egun tren geltokia dagoen lekuan geltoki intermodal bat egitea eta trenbideak gaurkoaren azpitik lurperatzea. Dena den, Marotok egindako proposamena zentzuzkoa da». Gaiaren inguruan azken hiru udal gobernuak erakutsitako «ardura falta» ere salatu du Bilduk.
Gasteizko tren geltoki berria Pio Barojan egitea onartu du Madrilek
Espainiako Sustapen Ministerioak kontuan hartu ditu EAJren eta Ensanche 21 udal elkartearen helegiteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu