Gasteizko Udalak euskararen erabileraren aurka kaleratu diren azken epaien aurkako adierazpen bat onartu du gaur. EH Bilduren ekimenez onetsi dute testua, EAJ eta Elkarrekin taldeen babesarekin. PSE-EEk eta PPk, aldiz, adierazpenaren aurka bozkatu dute.
Instituzioetan euskararen erabilera bermatzen duten toki erakundeen alde egin dute testuan. Era berean, joan den uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiarekin gertatu zen bezala, azken asteotan salatu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak tokiko autonomiaren aurkakoak direla eta hizkuntza arloko udal eskumenen garapen osoa «mugatzen» dutela. Horrela, «bereziki larria» iritzi diote euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu eta lan hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzeari.
Adierazpenaren sinatzaileek uste dute «oztopo» dela toki erakundeen funtzionamenduan udalek ezin ezarri ahal izatea hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak. Horrez gain, Gasteizko Udalari eskatu diote udal eskumenak defendatzeko, eta «gizarteak euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko adierazi duen nahia» errespetatzeko eta legeria erabiltzen jarraitzeko.
Etxebarriaren «utzikeria»
Maider Etxebarria alkateak testua babestu ez izana kritikatu du EH Bilduk ohar batean. Gogoratu du ez dela lehen aldia Etxebarriak euskararen defentsa egiteari uko egiten diona; izan ere, Viterok gogora ekarri du uztailaren 13an 71 udalerritako alkateek salatu zutela Auzitegi Konstituzionalaren epaiak euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen zituela; Gasteizko alkatea ez zen batzar horretara agertu, argudiatuta ez zuela deialdi horren berri. EH Bilduko zinegotziak «deigarritzat» jo du alkatearen jarrera.
Viteroren iritziz, udalek «batasuna» eta «irmotasuna» erakutsi behar dute euskararen eta toki erakundeen eskumenak defendatzeko: «Horregatik ulertezina egiten zaigu Gasteizko Udalaren buru denak euskararen eta euskal hiztunen aurkako eraso zuzen hauen aurrean halako pasibotasuna eta utzikeria erakustea». EH Bilduk bat egin du oldarraldi horri aurre egiteko abian jarritako Euskararekin bat euskaraz bat ekinaldiarekin, eta herritarrak animatu ditu kanpaina horren barruan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
Euskararen aurkako oldarraldia
Gasteizko Udalak euskararen aurkako azken epaiak arbuiatu ditu
EH Bilduk sustatutako ekinaldiak EAJ eta Elkarrekin taldeen babesa jaso du. PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu