Gizartea

Gastronomia Fakultatean 2011n hasiko dira lehen graduko ikasketak ematen, Donostian

Mondragon Unibertsitateak eta zazpi euskal sukaldari ezagunek Basque Culinary Center Fundazioa jarri dute abian gaur. Europako mota horretako bigarren zentroa izango da.

2009ko martxoaren 23a
16:28
Entzun
Mondragon Unibertsitateak (MU) Gastronomia Zientzien Fakultatea irekiko du Donostian, eta Basque Culinary Center deituko da. Zentroan lehen graduko ikasketak eta hiru postgrado emango dituzte, eta lehen gradukoekin 2011n hasiko direla jakinarazi dute gaur, Kursaalen egindako aurkezpenean. Baliteke postgradokoekin lehenago hastea, baina ez dute zehaztu. Ezta fakultatea Donostian non kokatuko den ere.

Proiektua bultzatzeko fundazioa sortu du MUk eta, hain justu, gaur egin dute izenpetze ekitaldia, Gipuzkoako hiriburuan. MU beraz gain -Iosu Zabala errektorearen bidez-, Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, Hilario Arbelaitz eta Eneko Atxa sukaldariek osatzen dute patronatua. Sukaldariok argitu dute ez direla fakultatean irakasle lanetan ariko.

Europako mota horretako bigarren zentroa izango da. Ikerketa gunea ere edukiko du. "Basque Culinary Centerren bidez, Euskadi zientzia gastronomikoetan erreferente bilatuko da", dio MUk. "Euskal sukaldaritzak nazioartean goi mailako gune izateari eustea, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea goi sukaldaritzako profesionalen eta enpresa sektoreen artean, eta goi sukaldaritzaren arloan Euskadi nazioartean sustatzea" ditu helburu.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak ere hartzen dute parte egitasmoan, eta gaur aurkezpenean izan dira Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano ahaldun nagusia eta Odon Elorza Donostiako alkatea.

Oraingoz, proiektuak hamalau milioi euroko aurrekontua dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.