Gatazka erantzi dute

Bukatu da Bizkaiko zahar etxeetako lan gatazka. Hiru enpresek eta ELA eta UGT sindikatuek sinatu dute akordioa. Borrokaren ikur izan diren kamiseta berdeak kendu dituzte langileek.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez du aparteko pisurik. Ehun gramo inguru ditu edozein kamisetak. Baina Bizkaiko zahar etxeetako beharginek zama itzela kendu dute gainetik, azken bi urteotan aldean eroan duten koloreko berdeko hori erantzi dutenean. «Oinazeak, sufrikarioak, loak hartu ezinik igarotako gauak». Besteak beste, halakoak aipatu dituzte lan gatazkaren eraginak oroitzean. Baina garaipenaren ikur modura ere har zezaketen. Atzo goizean sinatu zuten akordioapatronaleko hiru enpresek eta ELA eta UGT sindikatuek, Euskadiko Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzan. Ospatzeko, kamisetak erantzi eta airera bota zituzten.

Astrapala inguruko kaleetan nabari zen. Ordezkariak bulegotik noiz irtengo zain zeuden. Bazekiten akordioa sinatuko zutela. Baina, hala ere, nerbioei eutsi ezinik zeuden. Aurpegian nabaritzen zitzaien poza eta urduritasuna. «Lortu dugu» esanez besarkatzen zuten elkar. 10:35ean amaitu zen itxaronaldia. Akordioa jasotzen zuten orriak eskuetan atera ziren. Txaloka hartu zituzten. Jaia piztu zen. ELAko kideek sindikatuaren banderekin egin zieten pasabidetik igaro ziren, akordioa hedabideei azaltzeko errepide erdian ipini zuten mahaira bidean.

Ekina txarra da dio esaerak, eta zahar etxeetakoek ikasi dute. Bi urte luzeko gatazka eta 270 greba egunetik gora izan dituzte. Eta badakite borroka hori ez dela berehalakoan ahaztuko. «Emakumeon greba izan da, eta, apalkerietan ibili barik, zinez uste dugu mugimendu sindikalaren historian orrialde bat idatzi dugula», aldarrikatu zuen Soraya Garciak. Hasieratik bozeramaile lanak egin dituenetako bat izan da. «Hau ez da izan lan gatazka hutsa; borroka sozial eta feminista bat ere izan da, zaintza lanak duintzeko bidean aurrera egin baitugu». Horregatik, Leire Txakartegi sindikatuaren Berdintasun arloko arduradunak ukabil bat irudikatzen duen oroigarria oparitu zien: «Zuen borroka emakume guztion borroka izan da. Garaipen sindikala eta feminista lortu duzue. Zaintza eta bizi kalitatea duintzea lortu duzue». Aholku bat ere eman zien: bi urteotan sortu dutena ez galtzeko. Eta iragarri zuen sindikatuak genero berdintasuna bere muinean jartzea erabaki duela.

2020ra arteko hitzarmena sinatu dute. Ordura arte, hilean 140tik gorako soldata igoera izango dute. 2017ko irailetik hasiko da; aurten eta 2018an 40 euroko igoera izango dute. 45 eurokoa izango da 2019an; eta 55 eurokoa 2020an. Lanaldia 200 ordu murriztuko da. Hala, asteko 35 orduko lanaldia lortu dute. Uste dute horrek langile gehiagoren beharra ekarriko duela, eta ratioetan hobekuntza eragingo duela. Lan istripu eta gaixoaldietan, soldata osoa jasoko dute. Asteburuetako eta gauetako plusa ere handiagoa izango da; 1,70 eurotik 2,75era igoko da. «Eta aurreko hitzarmenean sartu genituen [Espainiako] lan erreformaren aurkako klausulak mantendu ditugu. Cebekek orduko akordioa ez sinatzeko arrazoia izan ziren», ohartarazi zuen Garciak.

UGTrentzat, «berandu»

Inguratzen zuten langileek txaloka eta oihuka hartzen zuten lorpenetako bakoitza. Baina eromen handiena ogitartekoa jateko tartea lan egindako denbora gisa hartuko dela jakinarazi zuenean sortu zen. «Lan baldintza duinak aldarrikatzen genituenean, hain oinarrizkoak diren eskaerak egiten ari ginen». Kostata irakurri zuen Garciak agerraldirako prestatu zuten agiria. «Ez didazue uzten, e! Ez dut bukatuko», egin zien agiraka lankideei.Baina sentitzen zuten poza eta lasaitua ez ziren kontrolatzen errazak.

Agerraldia hasi aurretik joan ziren egoitzatik UGTko ordezkariak. Ez zuten adierazpenik egin. Ohar bidez nabarmendu zuten akordio hori lortzeko aukera lehenago ere egon dela, eta zeharka greba babestu duen sindikatu bakarra egin zuten erantzule; hau da, ELA sindikatua. «Pena da hainbeste sufritu behar izana, azkenean guk aspaldi egindako proposamenaren antzeko bat onartzeko».Hiru patronalek ere ohar bateratua kaleratu zuten, eta nabarmendu zuten akordioa azkenean «eskaera maximalistak» alboratu direlako lortu dela.

Bizkaiko egoitzetan gaur itzuliko dira normaltasunera. Baina borroka ez da amaitu. Bizkaiko etxeko zaintzako langileei eta Gipuzkoako zahar etxeetakoei pasatu zieten, fisikoki, lekukoa atzo. Bi kolektiboetako kide bana egon zen ospakizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.