Eusko Jaurlaritza

Gatazka politikoaren eraginez 1.004 lagun hil dira 1960tik, giza eskubideen urraketen txostenaren arabera

Giza eskubideen urraketei buruzko txostena aurkeztu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Juan Maria Uriarte, Jon Mirena Landa, Manuela Carmena eta Ramon Mugikak landu dute dokumentua. Jaurlaritzarentzat "biktima guztiei egia, justizia eta ordaina” ematea lehentasuna dela esan du Urkulluk.

edurne begiristain
2013ko ekainaren 14a
20:09
Entzun

1960. eta 2013. urteen artean Euskal Herrian egon diren giza eskubideen urraketei buruzko txostena aurkeztu du gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak. Lehendakaritzan egin du ekitaldia, Juan Mari Uriarte, Ramon Mujika, Jon Mirena Landa eta Manuela Carmena txostenaren egileak bertan izan direla.

Dokumentu horretan giza eskubideen urraketen zerrenda eta deskribapena jasotzen da, bi epetan banatuta: 1960tik 1978ra bata, eta 1979tik 2013ra, bestea. Biktimen izenik ez du jasotzen txostenak. Aditu taldeak azken bi hilabeteetan egindako lanaren ondorioz, giza eskubideen urraketen datuen zerrenda bildu dute: dokumentuak dio 1960tik gaur egun arte 1.004 lagun hil direla gatazka politikoaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketengatik. Horietatik, 837 ETAk, CCAAk eta beste talde armatu batzuek hil dituzte, 94 estatuko segurtasun indarrek eta73 talde parapolizialek eta eskuin-muturreko taldeek.

Txostenaren azken atalean biktimen eskubideak bermatzeko hainbat gomedio bildu dira. Besteak beste, erakunde publiko guztiei eskatzen zaie nazioarteko organismo ofizialen gomendioak bete ditzatela eta euskal alderdi politikoei giza eskubideen aldeko eta biktimak laguntzeko politika publikoak babestu ditzatela, "alderdikeriak" alde batera utzita.

Txostenaren aurkezpenean, Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainak adierazi du egindako lanarekin "ekarpen xumea eta erabilgarria" egin nahi izan diotela baketzeari eta adiskidetzeari. Eta argitu du euren asmoa ez dela izan bidegabekeriak "parekatzea eta interpretatzea", giza eskubideen urraketak "zenbatzea eta egiaztatzea" baizik.

Urkulluk, berriz, nabarmendu du txostenak "oinarri etiko sendoak" dituela eta Jaurlaritzaren lehentasuna dela "biktima guztiei egia, justizia eta ordaina" ematea.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.