Otegik azpimarratu du, "oinarri sendoen inguruko akordioa izan daitekeena" zehazten hasi behar dutela "eragile guztiek". Prozesua "itzulezina" egiteko oinarriak lirateke horiek, eta Batasunaren iritzian hiru ardatz beharko lituzke: "prozesuak euskal herritar guztiei irekita egon behar luke, bazterketarik gabe; prozesua Euskal Herri osoan eman behar da; eta eragileek hitzartutakoa errespetatu egin behar da". Oinarri horiek dira, hain zuzen ere, Nazio Eztabaidagunetik eratorritako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoan biltzen direnak.
Otegiren iritzian Espainian dagoen eztabaida politikoak "arrazoia" ematen dio Batasunari. "Orain dela urte batzuk esan genuen Espainia krisian zegoen estatua zela, bere batasuna indarraren bitartez lortu zuelako. Euskal Herrian egondako borrokak eredu hori krisian jarri zuela. Eta badirudi orain Espainian dagoen gobernuak erreforma bat egin nahi duela estatu horri buruz". Horregatik, aukera dagoela dio, eta orain erreforma horri aurre egiteko "ausardia politikoa" dagoen edo ez da kontua, Otegiren iritzian, "sakontasun demokratikoarekin gatazka politikoa gainditzea ahalbidetzeko".
Anoetako proposamenaren "arrakasta"
Bestalde, Anoetako Proposamenaren “arrakasta” nabarmendu du. Proposamena aurkeztu zutenetik urtebete egingo duenean, eragile politiko eta sindikalek proposamena onartu egiten dutela dio, eta han azaltzen den metodoa baliagarria dela ere onartzen dutela, gatazkaren konponbidea bideratzeko.
Politika