Politika

Gatazkaren konponbiderako oinarrietan ados jarri da eragile esparru zabala

ETAri jardun armatua behin betiko uzteko borondatea eskatu diote eta Espainiako Estatuari Alderdien Legea indargabetzeko eta gatazkarekin zerikusia duten presoei amnistia emateko. Ezker abertzalea, Aralar, EA, AB, Alternatiba, sindikatuak eta hainbat gizarte erakunde daude sinatzaileen artean. "Gutxieneko demokratiko" horiek adosteaz gain, gizartean haien aldeko jarrera aktibatzeko konpromisoa hartu dute guztiek. ETAk adierazi du "su-eten iraunkorra eta egiaztagarria emateko prestutasuna" daukala, "baita urrutirago joateko ere". 'Gara'-k erakunde armatuarekin egindako elkarrizketa aterako du bihar.

2010eko irailaren 25a
20:04
Entzun
Euskal Herriko gatazkari irtenbidea emateko abagunea sortu dela iritzita, bide horretan aurrera egiteko gutxieneko oinarriak adostu ditu hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte erakunde biltzen dituen eragile esparru zabalak. Ezker abertzalea, Aralar, EA, AB eta Alternatiba dira Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa izeneko agiria sinatu duten indar politikoak, eta haiez gain, LAB, ESK, EILAS, ELB, EHNE eta Hiru sindikatuek eta hainbat gizarte erakundek izenpetu dute, besteak beste, AEK-k, Bilgune Feministak eta Herria 2000 Elizak.

Gaur arratsaldean aurkeztu dute ituna Gernikako (Bizkaia) Lizeo antzokian. Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak (EA) egin die ongietorria han bildutako eragileei, eta Gernikak bakearen eta giza eskubideen defentsan duen esanahia eta eta sinbologia azpimarratu ditu. Ordurako 40 bat lagun zeuden bilduta eszenatoki gainean, lehen lerroan eta erdialdean agiria sinatu duten alderdi politikoetako buruzagiak zeudela: ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaleta, EAko idazkari nagusi Pello Urizar, ABko Joseba Garai eta Alternatibako buru Oskar Matute.

Alkatearen hitzen ostean, agiria irakurri dute euskaraz, frantsesez eta gazteleraz, eta horren atzetik, eragile guztiek sinatu egin dute banan bana. Alderdien ordezkaritzan arestian aipatutako buruzagiek sinatu dute. Gorroño alkatearen esku utzi dute ondoren agiria, eta nolabait, bera egin dute konpromisoaren zaintzaile.

Eragileen ordezkariak taula gainean batu badira ere, hainbat lagunek jarraitu dute ekitaldia antzokiko eserlekuetatik. Besteak beste, han ziren Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoa, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea zein Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko kantaria.

Armak uzteko borondatearen froga eta amnistiaren eskaera

Eragile horiek guztiek adostu dituzten oinarri horietan gatazkari irteera emateko bidean "bermaturiko indarkeriarik gabeko egoera" ezinbestekoa dela iritzi diote, eta zentzu horretan eskari zehatzak egin dizkiete ETAri zein Espainiako Estatuari. ETAri "jarduera armatua behin betiko uzteko borondatea" galdegin diote, eta horren erakusle gisa, "nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea".



Espainiako Estatuari, berriz, eskubide politiko eta zibil guztien aitortza eskatu diote, eta hori gauzatzeko Alderdien Legea bertan behera uzteko exijitu. Halaber, gatazkarekin zerikusia duten presoen aurkako espetxe politika baztertzeko eta preso horientzako amnistia gauza dadin bidea hasteko.

Azken batean, "normalizazio politikoa progresiboki" garatzeko egoera sortzeko urratsak egiteko eskatu diete sinatzaileek ETAri zein Espainiako Gobernuari. Behin egoera hori lortuta, behin betiko konponbidea lortzeko elkarrizketa politikoa gauzatu beharko dela iritzi diote, eta Mitchell printzipioak proposatu dituzte elkarrizketa horietarako oinarri gisa.

Akordioaren azken parrafoan sinatzaileek diote bertan jasotzen dituzten postulagu guztiak bere egiten dituztela, eta horien arabera jokatzeko engaiamendua hartzeaz gain, postulatu horiek euskal gizartean zabaltzeko eta haien aldeko jarrera aktibatzeko konpromisoa hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.