Boto guztiak zenbaturik egongo dira 22:30erako

Eusko Jaurlaritzak aplikazio berri batekin egingo du zenbaketa, eta emaitzen lehen datua botoen %18 zenbaturik egotean emango dute. Parte hartzeari buruzko datuak ordubete geroago emango dituzte.

Herritar bat botoa ematen, aurreko deialdi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Herritar bat botoa ematen, aurreko deialdi batean. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2024ko apirilaren 16a
16:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak hauteskunde gaueko datuak kudeatzeko erabili izan duen sistema aldatu, eta aplikazio informatiko berri bat jarriko du martxan igandean, Eusko Legebiltzarrerako bozen gauerako. «Egonkorragoa eta seguruagoa» da, haren arabera, baina ez da beste deialdi batzuetan baino lehenago jakinaraziko nork irabazi dituen hauteskundeak, «denborak optimizatuak zeudelako jadanik». Edonola ere, 22:30erako boto guztiak zenbaturik egongo dira, edo ia guztiak, «mahairen batean zerbait berezia gertatuko balitz». Hau da, ordu horretarako %100ekoa izango da boto zenbaketa, edo %99,9koa.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jarriko diren 2.695 mahaien datuak jasoko dira, beraz, 20:00etan itxi eta botoak zenbatzen hasi eta gero. Aplikazio berriak, hala ere, izango du eraginik beste aldagai batean: parte hartzearen inguruko datuak geroago jakinaraziko ditu gobernuak. 13:00etan eta 18:00etan erregistratuko dituzte parte hartzeari buruzko datuak, alegia, orain arte baino ordubete geroago, eta 14:00etan eta 19:00etan jakinaraziko dituzte.

Jaurlaritzak dio gizartearen «ohitura berrietara egokitzeko» erabaki dutela aldaketa hori egitea. Exekutiboak dio gaur egun botoa ez dela ematen «esaten zen moduan, mezatik atera ondoren». Uste du parte hartzearen «datu esanguratsua» beranduago iristen dela orain: «Bermutaren orduan esaten dugu, txantxetan».

Lehengo datua: %18an

Hala azaldu du Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Prozesuen zuzendari Goiatz Aizpuruk. Gauzak horrela, parte hartzeari buruzko datuak ezingo dira alderatu aurreko bozetakoekin; izan ere, 2020an, 2016an eta 2012an, esaterako, 12:00etan eta 17:00etan jaso zituzten, eta 13:00etan eta 18:00etan jakinarazi. Baina igandean emango diren parte hartzearen inguruko datuak ez dira estimazio bat izango, orain arte bezala, baizik eta datu errealak. Eta, gainera, herriz herri eta mahaiz mahai ikusi ahalko dira parte-hartze datu horiek.

Atzerrian bizi diren 83.000 euskal herritarrek dute boz hauetan bozkatzeko aukera, eta horrek eserlekuren bat edo beste mugi dezake. 2020ko bozetan, EH Bilduk eserleku bat galdu zuen atzerriko botoa dela eta, PP+C's-en mesedetan.

Bozkalekuak itxi eta gero, Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkoreka zenbaketa hasi eta botoen %18 baino gehiago zenbatzean azalduko da lehen aldiz, emaitzen berri emateko. Zenbaketaren arduradunek azaldu dute kopuru horretatik behera datuak ez direla esanguratsuak azken emaitzei begira; «mahai txikien emaitzak lehenago iristen dira, eta ez dute leial islatzen orokortasuna».

Horrez gain, lurralde bakoitzean alderdi batek eserleku bat lortzeko zenbat boto falta dituen jakinaraziko dute, eta nori kenduko liokeen; datu garrantzitsuak izan daitezke horiek, hilaren 26ra arte ez baitira zenbatuko atzerritik datozen botoak. Atzerrian bizi diren 83.000 euskal herritarrek dute boz hauetan bozkatzeko aukera, eta aldagai horrek eserlekuren bat edo beste mugitu dezake. Kasurako, 2020ko bozetan, EH Bilduk eserleku bat galdu zuen atzerriko botoa dela eta, PP+C's koalizioaren mesedetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.