Trafiko arazo handiak izan dira egun guztian zehar Donostiako ingurabidean, kamioi bati gurpila lehertu, su hartu eta traban geratu ondoren. Hasieran arratsalderako espero zuten kamioia trabatik kentzea, baina 17:00ak aldera jakitera eman dutenez, ez dute gauera arte erretiratzerik izango. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Halere, ez du zehaztu zein ordutarako espero duen kamioia erretiratzea eta bidea osorik libre uztea.
Nolanahi ere, arratsaldean zehar asko arindu dira auto ilarak.
Goizeko hamarrak inguruan izan du istripua kamioiak, Polloeko eta Intxaurrondoko tunelen artean, Lapurdi alderako noranzkoan. Bideetako bat itxita dago ordutik. 12:30ean Aritzetaraino iristen ziren A-8 errepidean eragin dituen ilarak; N-1ean, berriz, Lasarte-Oriaraino. 17:25ean antzeko egoeran zegoen N-1a. 19:00etan, ordea, nahiko normal zebilen trafikoa.
Bertaratutako suhiltzaileek adierazi dutenez, kamioiak harrizko blokeak zeramatzan, eta suak arrunt kaltetua utzi du. Ez da, ordea, zauriturik izan. Iturri berei jarraiki, galgarako disko bat gehiegi berotu izanak piztu du sua, eta ondoren pirril bat leherrarazi du.
Errepideak
Gauera arte ez dute erretiratuko Donostia parean matxuratutako kamioia
Hala ere, asko arindu dira auto ilarak. Kamioiak goizean su hartu du, Lapurdi alderako bidean, eta traban dago. A-8an Aritzetaraino iritsi dira ilarak eta N-1ean Lasarte-Oriaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu