Gaur aurkeztu dute Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa

Prentsaurreko batean adierazi dutenez, oso bizipen “aberasgarriak” jasotzen ditu txostenaren lehen atalak.

Zabaltza, Ollo eta Gonzalez prentsa agerraldian. NAFARROAKO GOBERNUA
2020ko abuztuaren 6a
14:46
Entzun

Gaur goizean aurkeztu dute Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoaren lehen atala. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Martin Zabaltza Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak eta Chema Gonzalez Bizikidetzako zuzendariak egin dute aurkezpen agerraldia.

Aurkeztutako atalak herritarrek bidalitako testigantzak eta bizikidetzaren alde lan egiten duten pertsonen elkarrizketak biltzen ditu. Hiru kideek adierazi dute “mota guztietako” bizipenak jaso dituztela, eta txostena “oso aberatsa” dela: “Aniztasuna da planaren indargunea; erlijioak, ideologiak, kulturak... mota guztietako jendearen ideiak jaso ditugu”, adierazi du Gonzalezek.

Orain arteko lanketan, Nafarroako gizartean dagoen bizikidetzaren diagnostikoa egin dute. Ollok adierazi du pandemiak lana “zaildu” diela, elkarrizketak egiteko “oztopoa” izan delako. Bestalde, azken hilabeteetan “bi jarrera mota” nagusitu direla gehitu du: “Jendearen alde solidarioa ikusi ahal izan dugu, baina indarkeria eta gorroto kasuek ere gora egin dute”. Ollok dioenez, pandemiak “agerian utzi du” halako plan baten beharra dagoela pandemiak eragin duen “errealitate berrira” egokitzeko.

Diagnostikoa egiterakoan “hamar ardatz” nagusi sortu dituztela gehitu du Ollok, betiere jasotako testigantzetan oinarrituta. Adierazi du planaren ondorengo faseetan kontuan hartuko direla “lanketarekin” jarraitzeko. Zabaltzak nabarmendu du “parte hartzean” egon dela lehen atalaren gakoa: “Plan honek edukitzen duen arrakasta Nafarroako gizartean islatuko da”. Nabarmendu du “osasun demokratikoa” hobetzen lagunduko duela.

Gonzalezek adierazi du lanean jarraitzeko momentua dela. Nafarroan dauden “gabeziak” aurkituta, plana osatzen jarraitzea egokitzen da. Irailetik martxora arte arituko dira osatze lanetan, eta, ondoren, Nafarroako Gobernuak onartu beharko du plana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.