Ezkontza eta, hortik, adopzioa sexu bereko pertsonei zabaltzeko lege proiektua gaur aurkeztekoa dute Frantziako Gobernuko Ministroen Kontseiluan. Legea bera urtarrila bururatu baino lehen eztabaidatzekoa dute legebiltzarrean. Hortaz, oraino ez da ezagutua zehazki proiektuaren nondik norako zehatza. Baina, lausotasun horretan, karrikak hasia du eztabaida. Horren lekuko izan zen Baiona joan den ostiralean. Eta horretan guztian, haurra non? Guztientzako ezkontza eta guraso homosexualen erronkak zein dira? izenburua zuen Baionako elizbarrutiko behatoki soziopolitikoak antolatu gaualdiak. 380 lagun bildu zituen, Haurraren aldeko kolektiboko Beatrice Bourges zuela hiztun nagusi. Kolektibo horrek 80 bat elkarte biltzen ditu. Bourgesek berak izenburu bereko liburu bat argitaratua du, Broche argitaletxean.
Sexu bereko bikoteei adoptatzeko eskubidea emanez haur adoptatu horiei ez zaizkiela eskubide berak ematen sexu ezberdineko bikoteen haurrei konparatuz, eta, ondorioz, «diskriminatzen» direla; hori izan zuen mezu nagusietako bat ostiraleko gaualdiak, elizbarrutiko komunikazio arduradun Olivier Drapek zehaztu duenez. Ikuspegia «antropologikoa» dela gaineratu du, eta ez bakarrik konfesionala, nahiz eta eztabaidan Marc Aillet Baionako apezpikuak zuen ukan azken hitza eta horrek berretsi fermuki Eliza katolikoa erabat lege proiektuaren aurka dela. Hori bai, Drapek baieztatu du aurka diren «katolikoak mobilizatzea» dutela xede.
«Guraso homosexualak baztertuz guraso homosexualei buruz hitz egin ote daiteke?». Galdera hori egin zien gay eta lesbianen eskubideen alde ari den Les Bascos elkarteak eztabaida horren antolatzaileei. Galdera hori pausatuz agiri bat prentsari bidali, eta ostiralean bertan hitza hartzeko aukera ukan zuten elkartekoek. Garrantzitsua zitzaien han egotea, bereziki kontuan hartuz Elizaren ikuspuntuaren oihartzun zabala Ipar Euskal Herrian, John Castet elkarteko kideak azaldu duenaz. «Ez ditugu utziko gure burua intsultatzera». Nabarmendu du gizartean «diskurtso homofoboa nehoiz baino indartsuago agertzen ari dela» azkenaldi honetan, lege proiektuaren eztabaida tarteko. Gaineratu du ezkontza zibila dela aipagai, eta ez elizakoa. Castetek gogorarazi du François Hollandek, Frantziako presidentea izan aitzin, kanpainan zegoela, bere 31. engaiamendua zuela ezkontza eta adopzio eskubidea.
Nahiz eta oraindik proiektua ez zehatza izan, orain arte iragarritako berrien arabera, egitasmoak ez die bikote homosexualei eskubiderik emango medikuarekin ugaltzen laguntzeko, eta hori deitoragarria zaio elkarteari, Casteten hitzetan: «Guztien berdintasunerako aitzinamendu bat da legea, baina ez da gutxienekoetan oinarrituz egin behar». Beren kezka ere bada gaur egungo sexu bereko bikoteen haurrei beste haurren eskubide berak ematea, «errealitate hori onartua izatea».
Bi alde, bat dudan
Ipar Euskal Herriko diputatuei dagokionez, Colette Capdevielle diputatu sozialistak aldeko bidea hartua du aspaldian. Iazko azaroan, Baionako Familia Auzitegiak emazte bikote bati gurasotasuna onartu zion. Capdevielle zen bikotearen abokatu, hain zuzen. «Zuzenbide aldetik alimaleko urratsa da», adierazi zuen orduan. Sylviane Alaux diputatu sozialistak ere aldeko iritzia helarazia du. Legea «iraultza kulturala» dela deritzo, baina ez doala aski urrun. Medikuek lagundu ugalketaren alde da.
Jean Lassalle diputatu zentristak, berriz, erran du ezkontza hitza baino gehiago bateratze hitza hobetsiko lukeela. Eta adopzioari buruz, gaia «biziki korapilatsua» dela azaldu du, orainokoan ez duela iritzi finkorik; ezin duela erran ez kontra denik, ez alde denik. Proiektuaren testu zehatzaren zain dago.
Gay eta lesbianen eskubideak. Sexu berekoen ezkontzak Ipar Euskal Herrian
Gaur aurkeztuko dute adopzioa eta ezkontza arautzeko legea
Gaur jakinaraziko du Frantziako Ministroen Kontseiluak xedearen nondik norako zehatza; karrikan da eztabaida

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu