Hedabideak

Gaur egingo dute 'Behe Bidasoako Hitza'-ren aurkezpen ekitaldia, Hondarribian

19:30ean izango da, Banako ostatuan. Edizio jarraitua, e-gunkaria -flash eta PDF euskarrietan- eta asteroko papereko edizioa dira proiektuko hedabideak.

2009ko martxoaren 25a
14:38
Entzun
Atzotik martxan da zortzigarren Hitza, Behe Bidasoakoa, eta gaur egingo dute aurkezpen ekitaldia, Hondarribian. 19:30ean hasiko da, Banako ostatuan. Proiektuari buruzko bideoa botako dute.

Atzotik edizio jarraitua eta e-gunkariaren 1. zenbakia irakurtzeko moduan ziren. Horiek dira komunikazio proiektu berriaren euskarri garrantzitsuenetakoak, asteroko papereko edizioarekin batera.

Irun, Hondarribia (Gipuzkoa), Hendaia, Pausu eta Biriatuko (Lapurdi) berri emango du Behe Bidasoako Hitza-k, 90.000 biztanletik gora dituen eskualdean euskararen normalizazioan eragiteko helburuarekin. Hori lortzeko, kalitateko egunkari plurala, independentea eta parte-hartzailea argitaratzea izango da lan taldearen eguneroko lana.

Koldo Nausia (Hondarribia, 1982) da zuzendaria. Azken urteotan, zehazki, Antxeta Irratian goizean goizeko albistegiak prestatzeaz eta aurkezteaz arduratu da hura, Behe Bidasoako herri informazioa lantzen duen www.bidasoamedia.infowebgunea elikatzeaz gain.

Azken batean, hiru euskarri eta hedabide izango ditu Behe Bidasoako Hitza-k: edizio jarraitua www.bidasoamedia.info webgunean, e-gunkaria flash eta PDF euskarrietan www.behebidasoakohitza.info webgunean, eta hasiera batean 16 orrialdekoa izango den ostiraleroko papereko edizioa.

Elkarlanean sortutako proiektua

Euskal Herriko gainerako zazpi Hitza-k bezala, elkarlanean mamitu den proiektua da egunkari berria. Behe Bidasoako Hitza ere eskualdeko euskalgintzaren eta gizarte eragileen eta Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) Bertako Hedabideen artean sortu da.

Kasu honetan, zehazki, Pausu Media Elkartearen, Irun Iruten euskara elkartearen, Hondarribiko Bagartian euskara elkartearen, Hendaiako euskalgintzaren, Bertako Hedabideen eta eskualdeko gizarte eragileen ordezkaritzak osatu dute enpresa argitaratzailearen administrazio kontseilua, beti ere "eskualdean euskarazko hedabideek informazioaren erreferentzialtasuna lortzeko" helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.