Politika

Gaur egingo dute Javier Atutxaren aldeko hileta

Javier Atutxa EAJko buru historikoa hil da, 75 urterekin. 1996 eta 2000 artean BBBko presidente izan zen, gaur egun Itxaso alabak duen kargua. Gaixoaldi luze baten ondorioz hil da, ospitalean. Juan Mari Atutxa Sabino Arana fundazioko presidenteak BERRIA.INFOrentzat Javier Atutxa nor zen gogoratu du, baita Ardanza eta Azkunarekin batera osatzen zuten '4xA' taldea ere. Atzo goizean zenbait hedabidek heriotzaren berri emateko bere argazkia erabili izanaz ere jardun da. Urkulluk, Zarraoak, Anasagastik eta Mediavillak ere gogoratu dute.

Jon Ordoñez-Maialen Unanue
2013ko abuztuaren 8a
16:49
Entzun

Juan Mari Atutxa eta Javier Atutxa herri berekoak ziren. Areatzan jaio ziren, Arratian (Bizkaia), baina herrian bi Atutxatar familia bazeuden ere, euren artean ez zegoen familia harremanik. Hala ere, elkar ezagutzen zuten haurtzarotik. EAJn izena emateko aukera sortu zenean eman zuen berea Javier Atutxak, eta Juan Marik eta berak ibilbide paraleloa eraman dute alderdian. "Bere ekarpena egin du beti proiektuaren alde, eta ahaztezina izango da egindako ekarpen hori", dio Juan Mari Atutxak.

El Capi ezizenarekin ezagutzen zuten Javier Atutxa, merkataritza ontzidiko kapitain baitzen lanbidez, eta alderdian gazteek ere zioten errespetua oroitzean bekoki astunarekin gogoratzen du. "Nire semeak gogoan du bere hitzak beti hartzen zirela kontutan. Errespetu handia zitzaion bai BBBn baita alderdian ere". Nabarmendu du Javier 1937. urtean jaioa izanagatik, harreman estua zuela Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta gazteekin. Urkulluk bere lekukoa hartu zuen 2000n BBBn. "Gazteei paso ematerako garaian gerri handikoa izan zen, eta bere esperientzia gazteen adorearekin uztartu zen".

'4xA' taldean, eztabaida sutsuak

Gazteekin ondo moldatzeaz gain, alderkide zaharragoekin ere harreman estua zuen. Juan Mari Atutxak BERRIA.INFOri azaldu dio Jose Antonio Ardanzak, Iñaki Azkunak, Javier Atutxak eta berak 4xA izeneko taldea osatzen zutela, eta elkartu egiten zirela noiz behinka hitz egiteko. "Gure agendetan 4xA jartzen genuen. Eztabaida sutsuak ziren, gure ikuspuntutik ekarpena egin nahi genuelako. Esango nuke bide horretan etorri dela Javierren ekarpena".

Javier Atutxak, azkenik, arantza batekin esan duela agur gaineratu du Juan Mari Atutxak. "Poz handia hartu zuen Juan Marik, gu guztiok hartu genuen moduan, 2011ko urriaren 20an [ETAk armak utzi zituen], baina arantza batekin joan da, herri honetan ez delako lortu bakea, elkar errespetatzea eta elkar ulertzea", gogoratu du, Javierrek Lizarra-Garaziko garaia, Juan Jose Ibarretxeren eta bere ondoan "zuzenean" bizi izan zuela esan ondoren.

Nahasmena zenbait hedabidetan

Javier Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente izan zena atzo goizean hil zen, ospitalean, gaixotasun luze baten ondorioz. Areatzan jaio zen, 1937. urteko abenduan. 1996 eta 2000 artean izan zen BBBko presidentetzan, eta ondoren ere EBBko zuzendaritzan izan zen, batzar nazionalak horrela erabakita. 07:00etan hil zen. Espainiako zenbait hedabidek albistea ematerakoan, Juan Marirekin nahastu dute, eta albisteari horren albistea gehitzeaz gain, bere datuak aipatu dituzte. "Hanka sartze moduan hartuko dut", esan dio Juan Mari Atutxak BERRIA.INFOri. Aitortu du bere senitarteko baten semeari doluminak eman dizkiotela.

Sabin Etxean, Bilbon, masta erdian jarri zuten ikurrina. EAJren barruan buruzagi historikoa izan da Javier Atutxa. Klandestinitatean alderdiaren ardura izan zutenen eta jobuvi (burukide bizkaitar gazteak) esaten zaion belaunaldiko kideen arteko trantsizioa egiten lagundu zuen. 1990eko hamarkadaren amaieran Bizkaiko alderdiaren burua izan zen. Iñigo Urkulluk hartu zuen lekukoa.

Urkullu: "ideia eta herri batekiko konpromisoak definitzen dute ondoen Atutxa".

Blogean idatzi dio Iñigo Urkullu lehendakariak Javier Atutxa alderdikideari azken agurra. Gertutik ezagutzen zuen lehendakariak Atutxa, "ehundaka ardura eta lanordu" elkarbanatu baitzituzten. "Zintzotasuna, zuzentasuna, prestutasuna, leialtasuna, itzulinguruka ibili gabeko zinezkotasuna, bere familiarekiko pasioa… Bere hainbat balio miretsi ditut". Urkulluren ustez, "ideia eta herri batekiko konpromisoak definitzen dute ondoen Atutxa".

Miresmen hitzak izan ditu Urkulluk Atutxarentzat: "Zintzotasuna, zuzentasuna, prestutasuna, leialtasuna, itzulinguruka ibili gabeko zinezkotasuna, bere familiarekiko pasioa… Bere hainbat balio miretsi ditut". Iragan ostiralean Atutxarekin hitz egiten saiatu zela ekarri du gogora Urkulluk, baina "momentuko emozioa" tarteko, ezin izan zutela. Mezu bat bidali zion orduan, baina gaur blogean berriz agurtu nahi izan du: "Laguna eta [alderdiko] lehendakaritzan ibilitako pertsona bat baino zerbait gehiago izan zarenaren sentipenarekin, eskerrik asko!".

Zarraoa: "Abertzale peto petoa zen, oso euskaltzalea eta oso alderdizalea".

Itxaso alabaren bidez jakin zuen Iñaki Zarraoak Atutxa "oso gaizki" zegoela. BERRIAri egindako adierazpenetan, esker oneko hitzak besterik ez ditu izan Zarraoak: "Bizitza osoan oso konprometitua izan zen: edozer eskatuta ere, beti hor zegoen. Lasaia eta irribarretsua zen, eta aldi berean, baita serioa eta ez hitz askokoa ere. Baina, guztiaren gainetik, atsegina zen; hori da burura datorkidan Javierren irudia".

"Oso zorrotza" zen Atutxa bere buruarekin, baina baita gainontzekoekin ere, eta horrek bazuen isla bere jardunean. Politikari bizitzaren zati handia eskaini zion Atutxak, eta hala gogoratzen du Zarraoak ere: "Abertzale peto petoa zen, oso euskaltzalea eta oso alderdizalea, hiru horiek ezaugarritzen zuten Javier. Karguren bat izan edo ez, beti ibili zen alderdiaren inguruan, eta beti izan zen alderdiaren batasunaren aldekoa". Gauzak "pausoz pauso" egin behar direla esaten omen zuen, Zarraoaren hitzetan, baina erantzunak "bat-batean" ematen ere trebea zen: "El Correo egunkariak alderdiaren aurka jardun zuenean, oso gogor erantzun zuen Javierrek". 

Anasagasti: "Ez zuen sekula soldatarik kobratu EAJn"

Iñaki Anasagasti EAJko senatariak Onda Vasca irratian esan du albiste tristea dela bere heriotza. "Ez zen edozein, ikur bat zen Bizkaian bere ibilbideagatik. Berak sekula ez zuen kobratu dirua EAJtik eta bere lana politikarekin uztartu zuen. Politika berarentzat bokazioa zen", adierazi du Anasagastik.

Gogoratu du EAJko senatariak, gainera, Atutxa BBBko presidente izan zela Lizarra-Garazi akordioaren garaian, eta esan du alderdian arrastoa uzteaz gain, euskal politikagintzan ere utzi zuela. "Argi hitz egiten zuen, euskaldun osoa zen. Erabakiak hartzerakoan asko pentsatzen zuen, baina gero tinko eusten zion horri. Serioa zen".

Mediavilla: "Bere agurrak umezurtz uzten gaitu"

Koldo Mediavilla EAJko harreman instituzionaletako idazkariak ere esan du abertzale "osoa" zela Atutxa, "zuzena, metodikoa, ausarta". Bere blogean idatzi du Mediavillak ez ziola Atutxak beldurrik aurrez aurre ideiak eztabaidatzeari. "Horrek batzuen ulertezintasuna ekarri zion, eta gaizki esaka ere izan zituen. Baina berak beti defendatu zuen bere egia".

Mediavilla baieztatu du Ikur izan zutela euren belaunaldikoek Atutxa. "Bere agurrak umezurtz uzten gaitu. Berarekin gauza asko elkarbanatzen genituen, eta berak beti babesten gintuen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.