«Zer gogoratzen dugun eta nola gogoratu nahi dugun, horren araberakoa izango da gure etorkizuna». Horrela amaitu zuen Amalia Rosado (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1970) kazetariak frankismoaren eta nazismoaren errepresio bikoitza jasan zuten emakumeen inguruko hitzaldia. Rosadok doktorego tesia egin du gai horren inguruan, eta nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako emakume ugariren bizipenak jaso ditu, horien artean euskaldunenak. Kontzentrazio esparruetan, emakumeek indarkeria mota ugari jasan zituzten: besteak beste, esperimentu medikoak, sexu indarkeria, indarkeria bikarioa, prostituzioa, esklabotza eta, azkenean, heriotza. Eta, hala ere, gaur egun ideologia faxistak eta autoritarioak goraldian daude batez ere gazteen artean. Kazetariak «pedagogia faltarekin» eta historia ez ezagutzearekin lotu du hori guztia: «Ezjakintasuna eta memoriarik eza konbinatzeak ez dakar emaitza onik. Gaur egun, gazte batzuek ez dakite Franco nor den ere».
EHUren Deportazioa nazismoaren esparruetara Europan (1940-1945) udako ikastaroan egin zuen hitzaldia Rosadok, uztailaren 14an, Donostiako Miramar jauregian, eta BERRIArekin hitz egin du horri buruz. Virtudes Cuevas emakume valentziarra ezagutzeak bultzatu zuen Rosado frankismoak erbesteratutako emakumeen inguruan ikertzera, baita nazismoak deportatutakoei buruz ere. Cuevas frankismo garaian Frantziara erbesteratutako errepublikanoa izan zen, eta, han, nazien aurka egindako erresistentziagatik, Ravensbrueck kontzentrazio esparrura (Alemania) deportatu zuten, Rosadoren doktorego tesian irakur daitekeenez. Cuevasen biografia egin du kazetariak, eta, adierazi duenez, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta «izugarriagoak» eta «ezezagunagoak» iruditzen zitzaizkion garai hartako kontuak.
«
Ezjakintasuna eta memoriarik eza konbinatzeak ez dakar emaitza onik»
Ikerketan, Rosadok azpimarratu du Bigarren Mundu Gerran izandako borroka antifaxistari buruzko lanetan ia ez zaiola emakumeen egitekoari erreparatu, eta azaldu du erresistentziako kideek izandako «rol sexista eta militarra» nabarmendu izan dela. Adierazi du Bigarren Mundu Gerrako erresistentziako kideari irudi «maskulino» eta «armatu» bat eman izan zaiola, eta, emakumeek ezin zituztenez armak hain erraz eskuratu, ematen duela borroka antifaxista horretan «gutxiago» egin zutela, baina ez dela horrela. Rosadok uste du emakumeek historia pairatzeaz gain historiari ere bere ekarpena egin diotela.
Indarkeria bereizia
«Generoa ez zen izan elementu bereizgarri garrantzitsua soilik; askotan, horrek zehazten zuen biziko zinen ala hilko zinen», azpimarratu du Rosadok. Nabarmendu du gizonezkoen eta emakumezkoen deportazio kasuak oso desberdinak izan zirela: «Eta genero ikuspegitik jorratzen ez bada, desberdintasun horiek guztiak ezkutuan geratzen dira». Emakumeek jasandako indarkeriari dagokionez, amatasunari lotutakoak hunkitu du gehien Rosado. Azaldu duenez, haurrek talde zaurgarrienetako bat osatzen zuten. Haiek hiltzen zituzten lehenik, ariar arrazarentzat mehatxutzat jotzen baitzituzten; eta amek haurrak laguntzen zituzten hiltzera.
Hori «ikaragarria» iruditzen zaio Rosadori. «Alde batera utzi izan balituzte, emakume horiek bizirik iraun ahal izango zuten, baina ez zituzten umeak bakarrik utzi nahi, eta horrek emakume askoren heriotza eragin zuen», azaldu du. Kazetariak azpimarratu du hori «emakumeei bakarrik» gertatu zitzaiela, gizonek ez baitzituzten 3 edo 4 urteko haurrak laguntzen hiltzera.
Erresistentziako emakume euskaldunak
Frankismoarengatik Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten arren, badira handik kanpo faxismoari aurre egiten jarraitu zuten emakume erbesteratu euskaldunak. Horietako bat Frantziska Halzuet Frantxia izan zen (Bera, Nafarroa, 1908 - Ravensbrueck, Alemania, 1945). Rosadok azaldu du Frantxiak Comete sarearentzat lan egiten zuela. Naziek okupatutako Europako herrialdeetan eroritako hegazkinlari aliatuei laguntzen zien Comete sareak, eta ezkutuan ateratzen zituen Erresuma Batura itzultzeko; Bigarren Mundu Gerran sortutako ihesbideetako bat izan zen.
Bruselatik Gibraltarrera zihoan Comete sarea, eta Frantxia Urruñan (Lapurdi) bizi zen, mugatik gertu. Rosadok kontatu du Frantxiak hiru hegazkinlari ingeles izan zituela etxean, muga zeharkatu nahi zutenak. Andree de Jongh erresistentziako kide belgikarrak emandako testigantzaren arabera, hegazkinlariek eta berak ezin izan zuten muga zeharkatu, 1943ko egun hartan euri handia egiten zuelako eta ezin zutelako ibaia zeharkatu. De Jongh eta hegazkinlariak etxean hartu zituen Frantxiak, baina ondoko baserriko nekazariak ikusi egin zituen. Afaltzen ari ziren bitartean, Gestapo Alemania naziko polizia sekretuak Frantxia, hiru hegazkinlari ingelesak eta De Jongh atxilotu zituen. Salaketagatik naziek diru sari handia agindu zioten nekazariari, eta Frantxia Ravensbrueck kontzentrazio esparrura eraman zuten. Alarguna zen Frantxia, eta hiru seme-alaba zituen; han hil zen, 1945an.
«Generoa ez zen izan elementu bereizgarri garrantzitsua soilik; askotan, horrek zehazten zuen biziko zinen ala hilko zinen»
Dolores Garcia (Bilbo, 1901 - Paris, 1954) emakumearen kasua ere aipatu du Rosadok. Garcia PCE Espainiako Alderdi Komunistaren kide bat zen, eta nazien kontzentrazio esparruan NN gisa katalogatu zuten. NN Nacht und Nebel dekretuaren bidez —euskaraz, gaua eta lainoa—, naziek erregimenaren aurka egiten zuen edozein pertsona desagerrarazi zezaketen.
Garciaren erresistentzia eta lidergoa azpimarratu ditu Rosadok. Kontatu du Ravensbrueck kontzentrazio esparruan Garciak 32. blokeko erresistentzia antolatu zuela, hau da, NNen blokearen erresistentzia. «Ravensbruecken zeuden NN guztientzako oinarri bat izan zen», nabarmendu du Rosadok.
Ravensbruecken egon ondoren, Mauthausen kontzentrazio esparrura (Austria) eraman zuten, eta han ere nabarmendu zen nazien aurkako erresistentzian. Rosadoren hitzetan, Garciak lortu zuen emakume batzuk bizirik irautea, Mauthasenen zeuden espainiar errepublikanoekin zituen kontaktuei esker. Nazioarteko Gurutze Gorriaren kamioietan kontzentrazio esparrutik atera, eta Parisera eraman zituzten; Hitlerrek bere buruari tiro eman zion egun berean iritsi ziren Parisera.