Paul Neau ekologia ingeniaria da eta Negawatt taldeko 25 kideetariko bat. Energia berriztagarrietan aditua da; bereziki, energia eolikoetan. Arlo anitzetako ikerlariek osatzen dute Negawatt taldea, eta, egin dituzten ikerketetan oinarrituz, petrolioa eta energia nuklearra baztertzeko beharra nabarmentzen dute. Energien baliatzea egiazko beharretara doituz, 2050ean energia berriztagarriak beharrak asetzeko gai liratekeela diote. Bizi! taldeak gomitaturik heldu da Lapurdira, gaur, 13:00etan.
Mintzaldia emanen duzu gaur Donibane Lohizunen. Zein izanen da gai nagusia?
Negawatt taldea aurkeztera nator, eta talde horren barruan egin ditugun ikerketen berri ematera. Negawatt taldearen inguruan ikerlari talde bat bildu gara, helburu argi baten inguruan: 2011-2050 epera begira, aztertzea nola ase ditzakegun energia beharrak. Baliatzen dugun energiaren doitzea, egiazko beharren heinera murriztea, hori da oinarrian dagoen abiapuntua. Energia zuhurtasuna suspertu behar dugu. Gure ohiturak aldatu behar ditugu, gizabanakoenak zein gizartearenak. Horretarako, aldaketa sakonak egin behar ditugu, etxeetatik hasita. Etxeen isolamendu egokia bultzatu behar da, energiarik ez xahutzeko. Horren araberako tresneria ezarri behar da etxeetan. Ororen buru, eta egiazki dauden beharrei ihardesteko, energia berriztagarriak baliatu behar dira, energia nuklearra baztertuz. Horrela jokatzen badugu, gaur egun behar dugun energiaren herena baino ez genuke beharko 2050ean. Gure proposamena ikerketetan, doikuntzan, teknologien moldaketan oinarritzen da. Teknikoki aztertu dugu, eta ikusi dugu gure proposamena bideragarria dela.
Ametsa baino ez dela erranen dute hainbatek.
Gure ikerketetan hipotesi errealistak baino ez ditugu onartu. Ez ditugu mirakuluak bilatzen, eta gaur egun baliatzen diren teknikak dira gure oinarria. Zuhur ari gara, eta gure kontsumoa murrizteko politika zehatza proposatzen dugu. Teknikoki egingarria da, eta oker gaudela erran dezakeen aditu bakar bat ere ez dago. Europako bertze herri batzuetan erabiltzen diren teknikak proposatzen ditugu.
Diozuenez, 22 urteren buruan eredu nuklearretik atera daiteke. Nola egin liteke hori?
Epe horretan energia fosilak eta nuklearra baztertuko genituzke. Neurketa zehatzak egin ditugu: azken zentral nuklearra 2033an itxiko litzateke. Baina kontua ez da nuklearrak gelditzea, baizik eta nola ordezkatu energia iturri hori. Ordezkatzea epeka egin behar da, aurrezpena bultzatuz eta jendeari zuhur jokatzen erakutsiz. Eraginkorrak izan behar dugu eta energia berriztagarriak baliatu.
Gaur egun, Frantzian baliatzen den elektrizitatearen %75 inguru zentral nuklearrek ekoizten dute, ordea.
Ekoizten den elektrizitatearen %75 nuklearra da, baina, aldi berean, kontsumitzen den energiaren %16 baino ez da. Ikatza, petrolioa, bertze hainbat energia iturri baliatzen ditugu gaur egun. Gure proposamena ez da elektrikoa, energetikoa baizik, eta, horregatik, energia iturri guztiak hartzen ditugu kontuan. Etxeen isolamendua berritu behar da. Berrietan erraza da; zaharretan, ez. Ezin da bat-batean egin. Plangintzak osatu behar dira, eta hori egiteko funtsa sortu, laguntza publikoetan oinarrituz. Pentsatzen dugu 40 urte beharko direla isolamendu egokiak lortzeko; orain kontsumitzen dugun energiaren herena baino ez da beharrezkoa. Horri erantzuteko ez dago molde bakar bat, molde osagarriak baizik. Biomasa izan behar da lehen energia iturria; alegia, erretzeko egurra. Bigarrena, haizea; hirugarrena, biomasatik ekoitzitako gasa; eta laugarrena, eguzki indarra. Gehiago badago; alegia, errekena, itsasoaren heina, uhinen indarra... Alternatiba eraginkorra osatzeko, ezin da bakar bat proposatu, guztien osagarritasuna behar da. Oinarria biomasa da. Egin dugun ikerketan kontuan hartu ditugu laborantza eta oihanek duten eremua. Ekoitz daitekeen energia kopurua zehaztu dugu, eta oinarri horrekin erraten dugu egingarria dela.
Irizpide horietan oinarrituz, energia berriztagarriak bultzatuz, 600.000 lanpostu sortuko liratekeela diozue. Nola?
Zuzenean 750.000 lanpostu sortuko lirateke; baina kontuan hartuz gaurko egituretan 150.000 pertsona ari direla eremu horretan lanean, erran dezakegu 600.000 lanpostu sortuko direla: 200.000 lanpostu sortuko lirateke energia berriztagarrien arloan; bertze hainbertze, etxeen isolamendu termikoa egiteko lanetan, eta bertze heren bat, garraioan.
Nola eragin daiteke gizartean, garraio ohiturak aldatzeko?
Aldaketa sakonak egin behar dira, baina ezin dira bat-batean egin. Ez ditugu autoak debekatu nahi. Egonen dira, baina gutxiago izango dira eta gutxiago erabiliko dira. Gutxiago kontsumitzen duten ibilgailuak beharko dira, eta ez bakarka erabili. Gaurko erregaiak baztertu, eta, horren ordez, bio-metanoa, biogasa... erabili beharko dira. Gisa horretan, gaur egun ditugun egiturak balia daitezke, aldaketa handirik egin gabe. Ezin dugu segitu energia kanpotik ekartzen. Ahal bezain hurbil ekoitzi behar da, eredu zentralistekin apurtuz, herritarrengandik hurbil.
Paul Neau. Ekologian ingeniaria
«Gaur egun kontsumitzen dugun energiaren herena baino ez da beharrezkoa»
Ekologian ingeniaria da Paul Neau, eta Negawatt taldeko 25 kideetako bat. Bizi! mugimenduak gomitaturik, energia iturri berriztagarrien eredua ukanen du hizpide Donibane Lohizunen, gaur eguerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu