EAk du hitza eta erabakia. Ostiralean hurrengo foru eta udal hauteskundeetarako aurkezpen ofiziala egin zuen NaBaik, baina Eusko Alkartasunako ordezkaritza falta zen. Gaur jakingo da EA ostiraleko argazki horren barruan sartzen den edo ez. Aurreko astean Aralarrek, EAJk eta NaBaiko independenteek exijitu zioten EAri bertan behera utz ditzala ezker abertzalearekin dituen akordio estrategikoetan Nafarroari dagozkion konpromiso oro. Gaur 19:30ean Gasteizen egingo den Nazio Batzarrak ezbai zaila izango du aztergai: koalizioan jarraitzearen alde eginez gero,kolokan jar daitezke ekaineko Lortu Arte ituna, Nafarroaren aldaketaren aldeko oinarrien dekalogoa eta Alternatibarekin eta ezker abertzalearekin urtarrilean hitzartutako Euskal Herria Ezkerretikakordioa; NaBaitik ateratzea erabakiz gero, berriz, ikusi beharko da Nafarroako militanteen artean erabakiak zer ondorio dituen.
Erabaki garrantzitsu horren bezperan, Pello UrizarEusko Alkartasunako idazkari nagusiak hitz egin zuen Onda Vascairratian, eta esan zuen hauteskundeetan NaBairen aldeko konpromisoa agertu zuela EAren Nazio Batzarrak urtarrilaren 21ean. Urizarren ustez, ordea, beste hiru koaliziokideek jarritako baldintza berriek garrantzi handia dute, eta Nazio Batzarrak erabakia berriro aztertzea eskatzen dute.
«Ez da bidezkoa»
Dena den, Urizarrek gainontzeko koaliziokideen jarrera kritikatu du. Haren ustez, «ez da bidezkoa» EAri etorkizuneko bermeak eskatzea. «Egon garen mahai guztietan argi utzi dugu NaBaik etorkizuna izan behar duela eta aurrera egin behar duela», azaldu du. Urizarrek gaineratu du EAk NaBai zabaltzearen alde lan egin duela, koalizioa «egiazki Nafarroako gizarte zati handi batek helburu duen aldaketarako tresna izan dadin». Horregatik, Urizarrek ez du ulertzen beste koaliziokideek bermeak jartzea, bilatzen den helburu hori indarrak «gehitzen» soilik lor daitekeelako.
Ez du logikotzat jotzen EAri bermeak exijitzea eta Eusko Alderdi Jeltzaleari, aldiz, ez: «Zapaterorekin EAJk itxitako akordioek NaBairen printzipio programatikoei eta politikoei zuzenean erasotzen diete». Urizarrek gaineratu du akordio horiek zein oro har Madrildik ezartzen ari diren «neurri neoliberalek», pentsioen erreforma barne, nafarrei zuzenean eragiten dietela eta horri buruz ez duela inork hitz egin. «Guri, ordea, bermeak eskatzen dizkigute. Min ematen digu; EAk urteotan dena eman du, ez bakarrik NaBai sortzeko, baita hura zabaltzeko ere».
Urizarren ikuspuntutik, Aralar eta EAJ Euskal Autonomia Erkidegoan gerta daitekeenaren beldur dira: «Antzematen dute arazoren bat sor daitekeela EAEn, eta arazo hori Nafarroara eramaten dute». Urizarrek argi utzi nahi izan du ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin dituen akordio estrategikoek ez dutela arriskuan jartzen NaBai. «EAren aurka» eginez, NaBairi berari eraso diotela uste du.
EAko idazkari nagusiak zehaztu du ezker abertzalearekin hitzartutako akordioetan ez datorrela baldintza gisa hauteskunde arloko akordioa lortzea.«Beldur gara ezker abertzalea legezko ez izateko erabakia hartuta dagoela». Horregatik, Urizarrek arrazoitu du ez dutela etxea teilatutik hasi nahi. «Pausoz pauso egingo dugu. Akordio horiek garatu egin beharko dira, eta ziurrenik noizbait hauteskunde akordioak egingo dira». Hala ere, haren ustez, «mundu guztia» barneratzen ari da ezker abertzalea bozetan ez dela egongo, eta EA ere uneotan bere zerrendak osatzen ari da.
Gaur erabakiko du EAren Nazio Batzarrak NaBain jarraitu edo ez
Urizarrek ez du ulertzen zergatik ez zaion bermerik eskatzen EAJri, PSOErekin itxitako akordioek NaBairi eragiten baitioteDio EAJk eta Aralarrek NaBairi eraso diotela EAEn izan ditzaketen emaitzen beldur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu