HONDAKINAK

Gaur erabakiko dute Epele zabortegia berriro ireki edo ez

Eguerdian batuko da Debagoieneko Mankomunitatea zabortegiaz aritzeko. Egin dituzten ingurumen txostenetan diote ez daudela baldintza teknikoak berriro irekitzeko.

EPELE
Epele zabortegia. DEBAGOIENEKO MANKOMUNITATEA
inaut matauko rada
Arrasate
2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

Epele zabortegia berriro ireki ala ez. Hori da gaur Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariek erabaki behar dutena. Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak joan den astean egin zion berriro ez irekitzeko proposamena juntari, eta hori aztertzeko bilduko dira gaur.

Baina, zergatik proposatu du ingurumen batzordeak berriro ez irekitzea? Bada, azken urteetan hainbat azterketa tekniko egin dituzte zabortegian bertan, egungo baldintza geoteknikoak zeintzuk diren ikusi eta berriro irekitzeak zer ondorio izango lituzkeen aztertzeko. Lehenengo ikerketa egin eta gero ohartu ziren zabortegiaren azpiko materialen karakterizazio geoteknikoan sakondu behar zutela ondorio zehatz batzuk lortzeko.

Ikerketetan ondorioztatu dute Epelek ez dituela betetzen egungo Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritako gutxieneko segurtasun faktore geoteknikoak zabortegia berriro ireki ahal izateko. Izan ere, 1993. urtean ireki zuten Epele, eta zabortegien inguruko araudia aldatu egin da ordutik.

Joan den astean egin zuten prentsaurrekoa mankomunitateko hiru arduradunek, tartean Dorleta Elkorobarrutia presidentea zegoela. Adierazi zuten Epelek ez lituzkeela baldintza geoteknikoak beteko berriz zabaldu eta hondakin gehiago jasotzeko erabakia hartuko balute. Txosten teknikoen arabera, Epelek zabor gehiago jasoko balu, eta mugimendu geotekniko esanguratsuak egonez gero, irtenbideak zailak eta oso garestiak izango liratekeela. Arazoak egongo balira hondakinak zabortegitik azkar atera behar izatea eragingo luke horrek.

Bestelako arriskuak

Txosten teknikoetan oinarrituta, beste arrisku batzuk ere zerrendatu dituzte, betiere zabortegiak industria hondakin ez-arriskutsuak berriro jasoko balitu. Ur garbien galeria bat dago lur azpian, eta txosten teknikotan argi adierazi dute galeria horren egoera «kaskarra» dela.

Aipatu bezala, 1993an jarri zuten martxan zabortegia, eta hondakinak jasotzeko zelda zaharraren azpiak ez ditu betetzen Ingurumen Baimen Bateratuaren baldintzak iragazgaiztasunari dagokionez. Garai hartako arautegia betetzen zuen, baina oraingoa ez. Izan ere, garai hartan ez ziren hainbat geruza sintetikorekin iragazgaiztu behar zeldak. Ur garbien galeriaren gainean lurra bota zuten, 1,5 metro inguru eta obra soberakinez osatuak. Nahiz eta iragazgaiztasun aldetik materiala ona izan, gaur egun ez ditu betetzen halakoei ezartzen zaizkien baldintzak.

Azkenik, zabortegiak ura drainatzeko sistema bat du, zelden alboetatik eta azpitik ura kanporatzeko eta zabortegira ez sartzeko. Azterketen emaitzen arabera, sistema horren efizientzia gutxinaka murrizten ari da. Hala, pixkanaka gero eta ur gehiago ari da sartzen zabortegian, eta, horren ondorioz, pisu handiagoa jasotzen du. Horrek kalte egiten dio instalazioen egonkortasunari, eta lixibatuen bolumena handitzen du.

Gaur Debagoieneko ordezkari politikoek zabortegia berriro ez irekitzearen alde egiten badute, zabortegia zigilatzeko prozedurari ekingo diote, eta mankomunitateak itzuli egin beharko ditu Eusko Jaurlaritzak 2021ean zabortegia berriz irekitzeko emandako diru laguntzak.

Jaurlaritzaren plana

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak BERRIAri adierazi dio, lehenik eta behin, 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planak aurreikusten zuela Epelen 450.000 tona hondakin botatzea. Plan horretan jasoa dago Epeleren edukiera ez ezik, beste bost zabortegirenak ere handitzea; hartara, industria hondakin ez-arriskutsuak botatzeko edukiera 6.263.000 tona handituko litzateke. Epele zabortegia handitze horren %7 zen.

Hala ere, Ingurumen Sailaren ustez, Epele berriro ez irekitzeak ez luke asko eragingo hondakinen planean. Izan ere, 2030eko plana onartu zenetik, 2021, 2022 eta 2023. urteetarako aurreikusia zuten hondakinen kopuruaren azpitik bota dute egiazki zabortegietan.

Mankomunitateak egin moduan, Ingurumen Sailak ere adierazi du zabortegia berriro irekitzeko emandako diru laguntza itzuli beharko duela. Bi milioi euro jaso zituen orduan mankomunitateak. 1,5 milioi euro jaso dituzte orain arte, baina orain arte egin dituzten lanengatik ordaindutakoa ez dute itzuli beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.