Madrilgo Puerta del Sol plazan bildutakoek sistema politikoaren eta politikarien kontrako aldarrikapenak egin dituzte batez ere, benetako demokraziaren alde, gaurko hauteskunde egunari lotuta. Orain, bihartik aurrera, hauteskunde eguna pasata, zer egin erabaki behar dute. Zenbait bozeramaileren esanetan, bertan jarraitzeko asmoa dute. Erabakia, hala ere, gaurko 11:30eko batzarrean hartuko dute. Bartzelonan ekainaren 15era arte jarraituko dute behintzat.
Gogoeta egun lasaia izan zen atzokoa Puerta del Solen. Manifestazioak egiteko debekuari aurre egin, eta gogoeta egun propioa egin zuten, alderdiei edo botoei buruzko aipamenik gabea, baina bildutakoen mezuak eta antolaketa hobetzen. Jada «estatu-hiria» deitzen diote kanpalekuari. Batzordeek koordinatzen dute eta erabakiak batzarretan hartzen dituzte.
Protesta mugimendua Espainiako beste hiri batzuetara eta Herrialde Katalanetara eta Galiziara ere zabaldu da. Eguna oihu isil batekin hasi zuten, ahoa zinta batekin estalita, Hauteskunde Batzordearen biltzeko debekua salatzeko. 25.000 lagunetik gora bildu ziren gauerdian Madrilen.
Festa giroko eztabaida eta batzar eguna egin zuten atzo. Hala ere, gogoeta eguna «errespetatzeko», uko egin zioten batzarretan erabakiak hartzeari.
Poliziak esku hartu zuen Madrilen, Puerta del Soleko mugimendua inguruko beste plazabatzuetara ez zabaltzeko. Gazte batzuei debekatu egin zieten kanpalekuak jartzea. Hala ere, antolatzaileek atzo jakinarazi zuten protesta Madrilgo auzoetara zabaltzeko asmoa dutela.
Guardia Zibilaren kritikak
Bestela, egun baketsua izan zen. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esana zuen Poliziak ez zituela plazan bildutakoak indarrez kanporatuko, istiluak sortu ezean. Poliziek bazekitela nola jokatu, eta ez zutela arazo berri bat sortuko.
Espainiako Guardia Zibileko Ofizialen Batasuna (UO) ez dator bat gobernuaren jokaerarekin. «Esku hartu» behar dela uste du, kontzentrazioak «sakabanatzeko eta bertan behera uzteko». Beren jokaera zuritzeko Bilduren aldeko sententzia erabili dute. Bildurekin eta Madrilgo kontzentrazioarekin jarrera ezberdina leporatu diete guardia zibilek gobernuari: «Ezin da ezberdin jokatu: onartu egin du Bilduren presentzia negargarria, baina ez du betetzen Hauteskunde Batzordeak erabaki duena».
@Informazio gehiagorako: tomalaplaza.net
Udal eta foru hauteskundeak. Kaleko protestak
Gaur erabakiko dute Madrilgo protestarekin jarraitu edo ez
Festa giroko gogoeta egun baketsua eta jendetsua izan da, Madrilen eta Bartzelonan batez ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu