Gaur hasi dira La Pau ordezkatuko duten enpresak anbulantzia zerbitzua ematen

Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako elkartea arduratuko da Bizkaiko anbulantziak kudeatzeaz, eta Ambulancias Gipuzkoa, berriz, Arabakoak kudeatzeaz. Osasun Sailak presazko prozeduraren bidez tramitatu ditu kontratuak.

Larrialdietako anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Larrialdietako anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko azaroaren 25a
14:00
Entzun

Gaur gauerdian utzi dio La Pau enpresak Arabako eta Bizkaiko anbulantzien zerbitzua kudeatzeari. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak enpresa horrekin zuen kontratua eten ondotik, beste bi enpresak hartu dute larrialdietako eta programatutako anbulantzien kudeaketa: Ambulancias Gipuzkoak hartu du Arabako anbulantzien zerbitzua emateko ardura —Arabako Anbulantziak izena izango du—, eta Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako enpresa elkarteak kudeatuko ditu Bizkaikoak —Bizkanb izena hartuko du zerbitzuak han—.

Eusko Jaurlaritzak eta La Pau enpresak akordioa sinatu zuten joan den hilabetean, kontratua «era ordenatuan» eteteko, azaroaren 30a baino lehen. Zerbitzuan izandako «etengabeko urritasunen» ondorioz hartu zuen erabaki hori Osasun Sailak. Izan ere, 2020. urteaz geroztik kudeatu du zerbitzua La Pauk, eta, urte hauetan, arazo ugari izan ditu.

Osasun Sailak presazko prozeduraren bidez tramitatu ditu kontratu berriak, «asistentzia zerbitzua inolako etenik gabe» bermatzeko, eta hamalau hilabetez egongo dira indarrean, 2026ko urtarrilaren 25era arte hain justu. Bi enpresa berrien lizitazioak 110 milioi euroko kostua izango du: 85 milioi euro inguru bideratuko dira Bizkaiko zerbitzurako, eta 25 milioi euro Arabako anbulantzietarako. La Pauri lizitatutako azken kontratua, berriz, hiru urterako zen, eta 182 milioi euroko kostua zuen.

Bi enpresa berri Arabako eta Bizkaiko anbulantzien zerbitzua eskaintzen hasita ere, oraindik ez dira guztiz konpondu La Pauren kudeaketa eskasak langileen lan baldintzetan eragindako arazo franko. Besteak beste, langileek ez dute oraindik kobratu urriko soldata, ezta udako aparteko soldataren %75 ere. Sindikatuek jakinarazi dutenez, langile bakoitzeko batez beste 4.000 euro inguru zor ditu La Pauk, eta, diru hori berreskuratzeko asmoz, epaitegietan erreklamazioak aurkezten hasi dira anbulantzietako langileak.

Soldatekin izandako arazoez gain, bestelako salaketak egin dituzte langileek. Joan den astean Eusko Legebiltzarrean izan ziren La Pau enpresaren sindikatuetako ordezkariak, eta, han salatu zutenez, lan baldintza «negargarriekin» aritu dira lanean eta enpresaren «presioa, tratu txarrak eta utzikeria» pairatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.