Indarkeria

Larri dago oraindik ere Zornotzako asteburuko istiluetan zaurituriko gaztea

Hainbat eraso izan dira Zornotzan (Bizkaia) asteburuan. Hiru lagun zaurituta eraman zituzten ospitalera. Atzo elkarretaratzea egin zuten protesatzeko.    

Zornotzan egin den agerraldia. BERRIA
Nerea Laurizika
2021eko uztailaren 27a
16:36
Entzun

Joan den asteburuan, Zornotzan (Bizkaia), istiluak izan ziren herriko hainbat tokitan, eta hiru lagun zaurituta eraman zituzten ospitalera. Horietako bat larri dago oraindik ere.

Salatu dutenez, jipoia jaso zuen gazteak jende askoren arteko borroka batean, igande gauean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera. Jauregibarria inguruan gertatu zen istilua, eta buruan jasotako kolpeengatik konortea galduta eraman zuten gaztea Gurutzetako erietxera.

Erasotzaileek, gainera, grabatu egin zuten jipoia, eta bideoa sare sozialetan zabaldu zuten; irudietan ikus daiteke herriko beste zenbait tokitan ere istiluak sortu zituztela.

Gertakariok salatzeko, agerraldia egin dute bart, «erasoen eta giro oldarkorraren» aurkako jarrera agertzeko. Hainbat eragile eta herritarrek egin dute deialdia eta herritarren babes zabala jaso du sare sozialetan zein elkarretaratzean bertan.

«Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi izan diete asteburu honetan erasoak jasan dituzten herritarrei. Salatu dute arazoaren muina «betiko gizonen gizonkeria» dela: «Beti dago gizon talde bat, giro biolentoa sortzen eta jarrera matxiruloak izaten», salatu dute. Dei egin dute herri moduan egoera errotik mozteko: «Herria denona denez, denon ardura da». Halaber, argi utzi nahi izan dute horrelako jarrerek ezin dutela inpunitaterik izan: «Errespetuaren alde ez dagoena, errespetuaren kontra dago».

Asteburuko istiluetako bat Luis Urrengoetxea kalean gertatu zen: borroka bat izan zen bi kuadrillaren artean, eta kristalezko botilak ere jaurti zituzten. Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu ziren, eta mutil bat atxilotu zuten. Gero ere jarraitu zuten istiluek, lehenengo borroka hartan parte hartu zuen kuadrilletako bat tartean zela.

Kondor industrialdean gizon batek neska bat konorterik gabe utzi zuen ukabilkada batez, eta erasoa jasan zuena ospitalera eraman zuten. Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen, baina, hurrengo goizean autoaren bila joan zenean, berriz ere istiluak izan zituen han zeuden hainbat gazterekin. Aurreko gauean atxilotutako gizonak berak haietako bat jipoitu zuen, eta, aurpegian zauri larriak zituela, ospitalera eraman behar izan zuten.

Asteburuero zerbait

Azken asteetan beste zenbait eraso ere gertatu dira Zornotzan. Ekainaren 19an, adibidez, mutil batek eraso homofobo bat jasan zuen. Fisikoki zein ahoz eraso zioten, eta hura defendatzera gerturatu zen emakumeak ere ahozko eraso matxista jasan zuen. Egun hartan bertan, beste neska batek eraso matxista bat pairatu zuen taberna batean.

Uztailaren 15ean, berriz, gazte kuadrilla bati eraso zion mutil gazteen talde batek. Denbora bat zeramaten jazarpena pairatzen, eta egun hartan kaletik jarraitu, mehatxatu, iraindu eta harriak jaurti zizkieten. Eraso horiek salatzeko, elkarretaratzeak egin ziren, Zornotzako Talde Feministak eta Akelarre aniztasunaren aldeko plataformak deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.