Aspalditik gauza jakina da Patxi Lopez izango dela PSE-EEren hautagaia, baina ofizialki gaur bertan egingo du urrats hori alderdiak. Kongresu arteko aldietan organo gorena den PSE-EEren Batzorde Nazionalak gaur Bilboko Euskalduna jauregian izendatuko du Lopez lehendakarigai. Tramite hori berretsiko dute bertan bilduko diren 205 ordezkariek. Herenegun Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak Patxi Lopezen agintaldia gogor kritikatu ondotik, litekeena da Lopezek Urkulluri erantzutea.
Horixe bera egin du Rodolfo Aresek. Asteon Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu izateari utzi eta kanpainaren ardura hartu ostean, prentsa agiri bat kaleratu du, eta hasieratik bukaeraraino EAJri zuzendu zaio, gainerako alderdiei beste erreferentziarik egin gabe. Kanpaina EAJ eta PSE-EEren arteko lehia batera mugatzeko asmoa duela dirudi.
Lehenik eta behin, Aresek EAJri aurpegiratu dio « Euskadi bere etxaldea balitz bezala» jokatzen duela, eta «boterea bereganatzearren» edozer gauza egiteko prest direla. Urkullu etengabe kontu publikoen kiebra iragartzen ari bada ere eta «hala nahiko balu ere», ez dela halakorik gertatuko ziurtatu du.
Aresek gogorarazi du EAJk 2015erako estatus politiko berri bat iragarri duela. Bere ustez, «hitz desberdinak izan arren, musika soberanista bera du» proposamenak. «Eta badakigu zer dakarren. Euskal herritarrak zatitzea eta benetako arazoen gaineko arreta desbideratzea».
Krisitik ateratzeak esfortzu gehigarria exijituko duela adierazi zuen Urkulluk Zarautzen, baina Aresek kritikatu du ez duela argitzen zein esfortzu diren horiek. «Non murriztu behar da? Hezkuntzan eta Osasunean?», galdetu du. Era berean, jeltzaleak kudeatzaile onak direla ukatu du. «Ez dute gustuko entzutea, baina Ibarretxeren gobernuak neurri gabe gastatu, eta urtero %10 handitu zuen gastua. Horrela edonork daki kudeatzen».
Urkulluk dioenaren kontra, ukatu egin du zorra itzela dela. Bere esanetan, aurrekontuarekiko Jaurlaritzaren zorra aldundiena baino txikiagoa da, eta interes tasen zama aurrekontuaren %4tik beherakoa da. «Datuak dira, ez hitzak».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Gaur hautagai izendatuko du Patxi Lopez PSE-EEren Batzorde Nazionalak
«Euskadi bere etxaldea» balitz bezala jokatzea eta boterea lortzearren edozer egitea egotzi dio Rodolfo Aresek EAJri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu