'Egunkaria auzia'

Gaur hiru urte itxi zuen Guardia Zibilak 'Euskaldunon Egunkaria'

Gaur hiru urteko goizaldean itxi zuen Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz 'Euskaldunon Egunkaria'. Kazeta hura ixteaz gain, hamar lagun atxilotu zituzten, eta bost egun eduki zituzten inkomunikatuta. Haietako hainbatek torturatuak izan zirela salatu zuten. Egun zazpi lagun daude 'Egunkaria auzian' auzipetuta. Hiru urte hauetan auzia bertan behera uzteko eskatu dute hainbat erakundek: besteak beste, Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, PPz eta PSOEz beste alderdietako Espainiako Kongresuko eta Senatuko 61 diputatu eta senatariek. Auzitegi Nazionaleko 2. Salak hartu behar du erabaki hori.

2006ko otsailaren 20a
18:33
Entzun
Nolanahi ere, auzia bertan behera laga dezatela galdegiten duten eskaera zabal hori dagoen arren, Auzitegi Nazionaleko 2. Salako Fiskaltzak zazpi auzipetzeak berresteko eskatu du. Zehazki honakoak dira auzipetuak: Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria; legez kanpoko elkartea osatzea egozten diete.

Gaur hiru urteko otsailaren 20a gogorra izan zen Euskaldunon Egunkaria egiten zuten guztientzat. Goizaldean abiatu zuen operazioa Guardia Zibilak: hamar lagun atxilotu zituen —zazpi auzipetuez gain Inma Gomila, Fermin Lazkano eta Luis Goia—, eta Madrilera eraman zituen inkomunikatuta. Bost egunez eduki zituzten egoera horretan, eta, esate baterako, Pello Zubiria erietxera eraman zuten inkomunikazio aldi horretan.

Inkomunikazio aldiaren ondoren Gomila, Lazkano, Goia eta Otamendi aske utzi zituen epaileak, bermepean. Beste sei lagunak espetxeratzeko agindu zuen, eta piskanaka joan ziren aske geratzen bermeak ordainduta. Garestiena Uriak ordaindu zuen; 450.000 euro abaletan. Eta Egunkaria auziagatik denbora gehiena hark egin behar izan zuen espetxean, ia urte eta erdi. Kalean egon arren aldiro epaitegian aurkeztu behar dute, eta ezin dute Espainiako Estatuaren mugetatik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.