Gaurko oharrari buruzko erreakzioak

2011ko apirilaren 25a
17:58
Entzun

Iñigo Urkullu (EAJko EBBko presidentea). "Kezkatuta nago, ETAk azken bi egunetako agirietan ez duelako iragarri armak behin betiko utzi dituela. Gizarteak hala egiteko exijitzen dio. ETAk 'bidea luzea eta gogorra' izango dela esateak erne jartzen gaitu. 50 urte hauetan ez du bere helbururik lortu; txikizioa eta heriotza besterik ez du eragin".

Ezker abertzalea. "Urtarrilaren 10an jakinaraziriko su-eteneko konpromisoak berresten ditu ETAk eta, honela, konpromiso tinkoa erakusten du prozesu demokratikoa eraikitzeko eta konfrontazio armatua behin betikoz gainditzeko bidean. ETAk herri honetako gehiengoaren nahi eta eskakizunekin bat egin eta Euskal Herrian zabaldu den aro berria finkatzeko erabaki sendoa erakusten digula irizten dio ezker abertzaleak. Espainiako Estatuari eskatzen diogu egungo jarrera errotik aldatu eta bide baketsu eta demokratikoen aldeko hautua egiteko".

Bildu. "Indarkeriarik gabeko eskenatoki baterako norabide zuzenean doa ETAren oharra".

Aralar. "Etsigarria deritzogu ETAk Frantziako tiroketaren gainean eman duen azalpena. 'Gogoz kontrakoa' dela esatea ez da nahikoa. Ez du inolako neurririk proposatu horrelako gertaerarik berriz eman ez dadin. Ez da onargarria Espainia eta Frantziako errepresioei egoztea bere ekintzen ardura. Aralarrek gogorarazten dio ETAri bakea euskal gizarteari zor diola, ez Espainiako estatuari, ez Frantziakoari ere. Su-etenaren aldebakarrekotasuna eta behin betikotasuna aitortu gabe jarraitzen du ETAk".

Ikerne Badiola (EAko Komunikazio idazkaria). "ETAk kontu politiko orotatik kanpo egon behar du, eta gai teknikoei baino ez die heldu behar —armak uzteari eta presoen gaiari—. Gernikako Akordioaren sinatzaileok garbi esana diogu zein den bere funtzioa".

Oskar Matute (Alternatibako bozeramailea). "ETAk su-etena hausten ez duen agiri oro albiste positiboa da. Baina ez diezaiola besteei leporatu erantzukizunik. Egin dezala tokatzen zaiona; alegia, indarkeria behin betiko uzteko konpromisoa har dezala".

Hamaikabat. "ETAk hankaz gora bota ditu bere jarduera baldintzarik gabe eta betiko uzteko gizartean zegoen itxaropena. Ez dauka borroka armatua uzteko borondaterik".

Jose Antonio Pastor (PSE-EEko bozeramailea). "ETAk ez du berritasun berezirik eskaini, eta esan beharrekoa esan gabe segitzen du; hau da, armak behin betiko utzi dituela. Frantziako tiroketaren ikusi da ETAk jarduera armatuarekin jarraitzen duela; azkeneko oharrean ez du autokritikarik egin".

Javier Rojo (Espainiako Senatuko presidentea, PSE-EE). "Nahi dituen agiri denak aterako ditu ETAk, baina zalantzarik ez dago porrot egin duela. Behingoagatik esan dezala bukatu duela".

Javier de Andres (Arabako PPko idazkari nagusia). "ETAk bere mezuarekin jarraitzen du, baina ez diogu denbora askorik eskainiko esaten duenari".

Serafin Llamas (EBko Presidentzia bozeramailea). "ETAk, behingoz, ezker abertzalearen autonomia aitortu beharko luke, honek politika bide baketsu eta demokratikoetatik egiteko. Ona da ETAk su-eteneko konpromisoak berrestea, baina Frantziako tiroketaren ardura osoa berea da".

Nicolas de Miguel (UPDko Donostiako alkateagaia). "ETAk armak mahai gainean utzi arte eta bere iragan osoa gaitzetsi arte ez gara haren agiriei buruz mintzatuko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.