GAURKOA. Gizarte balioen ikertzailea

«Ikerkuntzaren eta hezkuntzaren alorrean egindako lanagatik», Javier Elzo soziologoak jaso du aurten Eusko Ikaskuntza saria. Bi izan dira haren ikerketen ardatzak: gazteak eta gizarte balioak.

ainara arratibel gascon
2009ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ikerkuntza plazera izan da beti niretzat. Adikzioa diot ikerkuntzari». Javier Elzo Imaz soziologoa (Beasain, Gipuzkoa, 1942)hala mintzatu zen atzo, Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzietako Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria jasoko duela jakin zuenean. Hain zuzen ere, ikerkuntzaren eta hezkuntzaren alorrean Elzok egin duen lana saritu nahi du Eusko Ikaskuntzak. Elzok eskertu egin zuen saria jasoko duelako: «Azken finean, nire lankideek eman didate saria, epaimahaian unibertsitateko jendea baitago». Urte hauetan guztietan berarekin lanean aritu diren guztiei eskaini nahi izan die. «Liburu asko idatzi ditut, baina bostek edo seik dute soilik nire sinadura. Jende askok lagundu dit nire ikerkuntza lanetan. Haiena ere bada saria». Ikerketa horien ardatzak bi izan dira: gazteak eta gizarteko balioen aldaketak. Udazkenean jasoko du saria.

Elzo Deustuko Unibertsitateko Soziologia doktore eta katedradun emeritua da. Gainera, Soziologia eta Moral nahiz Erlijio Zientzietan lizentziaduna da Lovainako Unibertsitatean (Belgika). Sei liburu idatzi ditu, eta beste askotan hartu du parte. Prentsan ere idatzi izan du. Gaur egun Forum Deustuko lehendakaria da, eta Deustuko Unibertsitateko Soziologia Fakultateko Deustu-Gizarte Balioak proiektua zuzentzen du. Eusko Ikaskuntzako Gizarte Ospe Batzordeko kidea ere bada.

Bartzelonan izan zuen sariaren berri, drogei buruzko kongresu batean parte hartzen ari zela. Hain zuzen ere, drogen mundua izan da Elzok ikertu duen alorretako bat, beti ere gazteei lotuta. Hala, droga mendekotasuna dutenei laguntzeko Gizarte Helburua fundazioaren sortzaileetako bat da Gipuzkoan. Gainera, ondorengo liburuetan idatzi eta parte hartu du: Mas alla del botellon: analisis socioantropologico del consumo de alcohol en los adolescentes y jovenes, Los jovenes y su relacion con las drogas eta Drogas y escuela IV. Gazteak ardatz hartuta, bestelako gai hauek ere landu ditu, besteak beste: familia, erlijioa eta eskola jazarpena. La Voz de los adolescentes, Los jovenes y la felicidad eta El silencio de los adolescentes dira horren isla. «Irakaslea izanda, beti izan ditut gertu gazteak, eta horrek bultzatu ninduen nire ikerketetako asko haien inguruan izatea», dio Elzok.

Elzok esan izan du gazteei ez zaiela ezetz esaten, eta hainbeste mimorekin «tontotzen» ari direla. Gazterian ikusten dituen balioen artean daude leialtasuna, elkartasuna, tolerantziaeta naturaltasuna. Haatik, gazteek ahalegina, sakrifizioa eta ondo egindako lanarekiko gustua falta dutela uste du. «Gizarteak ez du jakin izan gazteei balio horiek transmititzen. Ez dugu horiek helarazteko sistema egoki bat sortzen asmatu». Balio horiek transmititzeko orduan, eskolak eta familiak duten garrantzia defendatu du. Horren guztiaren atzean, gizarteko balioen garapenaren eta aldaketaren inguruan duen kezka aurkitzen da. Izan ere, horixe izan da Elzok bere liburu eta artikuluetan landu duen beste gaietako bat.

Hamabosgarren saritua

1995ean hasi zen Eusko Ikaskuntza sari hori banatzen. Saria jaso dutenen artean daude, besteak beste, Julio Caro Baroja, Luis Villasante, Eduardo Txillida, Bernardo Atxaga, Juan San Martin, Nestor Basterretxea eta Daniel Innerarity. Epaimahaiak, ikerkuntza eta hezkuntza alorrean egin duen lanaz harago, Elzok pertsona gisa duen balioa azpimarratu nahi izan du.«Beti saiatu da elkarbizitzari lotutako balioak zabaltzen eta bakearen kultura sustatzen». Bide horretan, Euskal Herriaren alde egin duen lana azpimarratu du Eusko Ikaskuntzako presidente Jose Maria Muñoak.

Epaimahaiak nabarmendutako alor horren inguruan ere garbi mintzatu da Elzo. «Sekula ez ditut nire ideia politikoak ezkutatu. Baina garbi daukat ezin direla gauzak eraiki gizartearen zati batek bestearen aurka eginez. Elkarrizketa bultzatu behar da, batik bat guk bezala pentsatzen ez dutenekin».



Nortasun Agiria

Izena: Javier Elzo Imaz.

Jaioteguna: Beasain, Gipuzkoa, 1942

Ikasketak: Deustuko Unibertsitateko Soziologia doktore eta katedradun emeritua. Gainera, Soziologian eta Erlijio Zientzietan lizentziaduna da Lovainako Unibertsitatean.

Ikerkuntza esparru nagusiak: Gizarte balioak eta gazteak.

Bestelakoak: Forum Deustuko lehendakaria da, eta Deustu Gizarte Balioak proiektuko zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.