GAURKOA. Oroimenen zumar basoa

Zugarramurdik eta Logroñok orain dela lau mendeko Inkisizioaren fede autoan sorginkeria leporatuta auzipetutako 53 lagun gogoratu dituzte, eta erre zituztenen omenez 11 zumar landatu dituzte.

2010eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Sorginkeriaren aurkako prozesuaren 400. urteurrena gogoratuz, Zugarramurdiko (Nafarroa) ordezkaritza bat Logroñon (Errioxa, Espainia) izan zen atzo, Logroñoko Udalak egindako ekitaldian. Lau mende pasatu dira Nafarroako herri txiki horretako 53 bizilaguni sorgin izatea leporatu eta Logroñon epaiketa egin zietenetik. Inkisidoreak, sorginen aurkako salaketak kontuan hartuta, 300 laguni egotzi zien sorginkeria egin izana, eta horietatik 53 Logroñora eraman, kartzelatu eta Logroñoko prozesua delakoan epaitu zituzten. Epaitu ez ezik, horietako 11 sutan erre zituzten; sei bizirik eta beste bost hilik.

Auzipetu beste zugarramurditarrek egin zuten bidaia autobusez Logroñora, 53 lagunek, hain zuzen ere. Baina Zugarramurdiko alkate Jesus Agerrek udaletxeko ekitaldian esandako gisan, orain dela 400 urte beraien herritarrak ez bezala, oraingoan ez zuten derrigortuta, beraien borondatearen kontra egin Zugarramurditik Logroñora arteko bidaia. Zorionez, gauzak aldatu direla, eta libreki joan eta hala itzuli zirela esan zuen. Tomas Santos Logroñoko alkateak ere bide bertsutik egin zuen hitzaldia esanez, hiriarentzat historiako desohore arrazoi izan arren, ekitaldiok orduan gertatua gogoratzeko egin direla, ez ospatzeko. Hala ere, Logroñon horren berri jakitea komeni dela esan zuen,garai batean gaizki egindako hartatik ikas dezaten.

Gogoratu eta akatsetatik ikasi. Izan ere, horrekin guztiarekin hasi aurretik Logroñokoek apenas zuten prozesu honen berri. «Zugarramurdin, betidanik entzun izan ditugu sorgin kontuak. Logroñon, ordea, ez zuten han gertatu zenari buruzko frogarik. Zerbait jakin nahian informazio bila hasi, eta Zugarramurdira joan ziren Logroñoko Udaleko ordezkariak. Ezagutu zituzten leizeak, museoa... eta eskatu zuten bi Udalen arteko bilkura egitea. Gu ari gara mendeurrenaren harira ekitaldiak antolatzen Zugarramurdin, eta beraiek pentsatu zuten, haiek ere protagonismoa izan zutenez gai horretan, protagonismo beltza gainera, Logroñon zerbait antolatzea egokia zela», dio Zugarramurdiko Koro Irazokik.

Manuel de las Rivas idazle eta historiagileak ere hitza hartu zuen ekitaldian sorginei buruzko azalpenak emateko. Sorginkeria eta sorgintzaren arteko bereizketa egin zuen; sorginkeria, gauza gaizto gisa, eta sorgintza, gizartearen onurarako erabiltzen zen jakintza gisa. Azaldu zuen une batean dena nahastu zutela eta sorginen jardunak gauza txarrekin bakarrik lotu zituztela. Zugarramurdiko bizilagunekin gertatua mugarri izan zela ere jakinarazi zuen; hortik aurrera Inkisizioak beste gisa batera epaitu zituelako sorginkeriaz akusatuak, eta ez zutelako beste sorginik erre. Horrela, 1604an afera isiltzera heldu arte.

Plakak eta zuhaitzak

Udaletxeko ekitaldia amaituta, 1610ean sententzia irakurri zuten Portales kalera joan ziren gero. Hitzak sorginak bezala erre eta haizeak eraman ez ditzan, han bi plaka bistaratu zituzten. Plakek azaltzen dute 11 lagun erre zituztela, eta horien guztien izenak ere ageri dira. Iraganekoak dira gertakizunak, baina Zugarramurditik joandakoek beraien herritarrek igarotako tokiak bisitatzeko aukera izan zuten. «Logroñoko alde zaharrean bisita gidatua egin genuen, eta emandako azalpenen arabera irudikatu genuen zein zubitatik sartu zituzten, non zeuden Inkisizioko kartzelak, non epaitu eta erre zituzten, Logroñoko kanpoaldean, Ebro ibaiaren beste aldean, erre zituztela uste baita», azaldu zuen Koro Irazokik.

Ibilaldi horretan, Ebro ibaiaren alboko parke batean geldialdia egin, eta eta 11 zumar landatu zituzten erre zituzten 11 lagunen omenez; toki horri Memoriaren Basoa izena eman diote. Zuhaitzak landatu zituzten, besteak beste, bi herrietako alkateek, baita Zugarramurditik joandakoen artean adinekoenak ere, 76 urteko Juan Irazokik.

Ekitaldiek Zugarramurdin izango dute segida martxoaren 27an Logroñoko ordezkarien bisitarekin. Azaroan, sorginei buruzko hitzaldiak izango dira Zugarramurdin, Iruñean eta Logroñon, eta sorginei buruzko erakusketa bat ere bai.



Erretako sorginei omen

Epaiketa. Orain dela 400 urte Zugarramurdiko 53 bizilaguni sorgin izatea leporatu zieten eta Logroñon epaitu zituzten.

Erretako lagunak. Logroño kanpoaldean erre omen zituzten Zugarramurdiko lagunak, 11 guztira; sei bizirik eta bost hilik.

Zugarramurditik Logroñora. Hildako herritarrak gogoratzeko, atzo Errioxako hiriburura bisita egin eta plaka bat bistaratu zuten epaitu zituzten tokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.