Michel Tubiana. Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea

«Gauzak aitzinatzeko ezinbestekoa da gizarte zibilaren parte hartzea»

Gizarte zibilaren esku ikusten du gatazkaren konponbidea Tubianak. Armagabetzea «ordenatua» izatea ezinbestekotzat du, ondoren, gatazkaren ondorioak tratatu ahal izateko.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
ETAren armagabetzean osoki engaiatua da Michel Tubiana (Aljer, 1952). Abenduaren 16ko Luhusoko gertakarietan atxilotu zutela agertu zen hasieran, baina ez zen hala izan; ez zen «iritsi». «Armak deuseztatu, eta prokuradoreari non ziren erranen genion», adierazi zion BERRIAri biharamunean. Miarritzeko foroan egin zuen Tubianak azken agerraldia, han ere Parisi dei egiteko: «Apirilaren 8a arte duzue lekua atxikitzeko; bestela, ikusle izanen zarete». Ostegunean erantzun zien BERRIAren galderei, telefonoz, Bruselatik. Ez zuen argitu zergatik eta zertarako zegoen Belgikako hiriburuan.

Berhokoirigoin eta Etxeberrirekin batera, ETAren armagabetzearen ardura politikoa beregain hartu duten bitartekaria zara. Noiztik inplikatua zara honetan? Zergatik inplikatu zara?

Bada denbora bat orain, bi urte baino gehiago nik uste, hau dena aipagai dela. Zergatik? Sinpleki, Giza Eskubideen Ligari garrantzitsua iruditzen zitzaiolako bake prozesu batean parte hartzea. Gauzak ikusteko dugun maneran osoki sartzen den zerbait zen. Hara. Zinez ezinbestekoa den prozesu bat da, Euskal Herriaren bi aldeetan, etorkizun batean, gauzak bere onera itzuli daitezen.

Euskal gatazkaren ezagutzak, gu ere engaiatzera eraman gaitu.

Luhusoko operazioan egotekoa zinen. Biharamunean egin genizun elkarrizketan erran zenigun goizegi zela zer gertatu zen kontatzeko. Hiru hilabete pasatu dira. Zer erran dezakezu gaur egun?

Egoera berean gaude oraindik. Ez dut gehiagokorik erraten ahal, ez dut gehiagokorik erranen.

Frantziako Gobernua jakinean zen gau hartan Luhuson gertatzekoa zenaz?

Gertatu dena ikusita, galderari erantzuna bistakoa da. Esku hartu dute, beraz, bai, jakinean ziren. Zer zekiten, hori beraiek erran beharko dute. Nik dakidana da polizia operazio bat izan dela iniziatibaren kontra, eta beraz, jakinean zirela. Hain jakinean ziren, nik ere parte hartzen nuela uste zuten. Eta ikusi dute ez nengoela. Beraz, argiki, jakinean ziren.

Funtsean erran daiteke Luhusoko gertakariek orain arteko eskema guziak hautsi dituztela. Zer azpimarratuko zenuke Luhusokoaren ondotik gertatu den guzian?

Abenduan gertatu denak solasak askatu ditu. Are gehiago, Euskal Herrian. Eta batasun bat erakutsi du, eragile politikoena eta gizarte zibilarena, bake prozesuan zinez ezinbestekoa den etapa hau, erran nahi baita modu ordenatuan egindako armagabetzea, gauzatua izatea. Uste dut, eremu horretan, batzuek eta besteek aitzina joateko duten borondatea sendotu duela. Arlo horretan, gobernuek atzera joan nahi dute.

Panorama berri bat sortu da, gizarte zibila gatazkaren konponbidearen erdian kokatu duena.

Gauza garrantzitsua da. Bestela ere, gizarte zibilak badu bere lekua gatazkaren konponbidean. Gaur egun, gatazkaren zentroan da, Frantziako eta Espainiako Gobernuen eskasagatik, baina, legitimoki eta naturalki badu lekua prozesu honetan. Leku garrantzitsua du, eta are handiagoa gaur egun, egon beharko luketenak ez daudelako, hau da, gobernuak ez daudelako. Gauzak aitzinatzea nahi badugu, ezinbestekoa da gizarte zibilaren parte hartzea.

Gaur egun, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren babes zabala du gatazkaren konponbideak.

Beharrezkoa da. Edonola ere, gisa horretako bake prozesu batean ezin da ezer egin gizarte zibila gabe. Ezinbesteko baldintza bat da, ez nahikoa, baina ezinbestekoa. Gaur egun, armagabetze prozesu batean kasik beharrezkoa litzatekeena baino aitzinago, presenteago, erasokorrago izatera behartua izan da. Horrek erakusten du Euskal Herriko bi aldeetako gizarte zibilaren zinezko borondate bat badela bake prozesu baten esparruan eragiteko.

Formula berri bat atera da armagabetzerako, apirilaren 8koa. Nola aurkeztuko zenuke?

Hautetsiekin, sostengu multzo batekin, orain arte erran izan duguna gauzatuko dugu, eta apirilaren 8ko arratserako, ETAren armagabetzea egiazkoa izan daiteke. Gobernuen aurrean, kartak mahai gainean jarri ditugu: prozesuan parte hartzen dute, edo bide bazterrean geldituko dira.

Frantziako Gobernuak hartuko duen jarrera da galdera handiena. Badira kontaktuak? Nolakoak? Noiztik?

Ez daukat ezer esateko.

Armagabetzea ezinbesteko urrats gisa aurkeztu izan duzue behin eta berriz. Zein izanen dira ondokoak?

Biktimez, iraganean gertatu denaz, mintzatzeko baldintzak definitu beharko ditugu, etorkizun bare eta baketsu bat eraiki ahal izateko. ETAren armagabetzearen ondotik, handiena egitekoa izanen da oraindik. Presoen eta iheslarien egoeraz, biktimen egoeraz, errandakoez eta erran gabekoez mintzatzea lortu behar dugu. Gai horiek guziak jorratzea ahalbidetzen digun metodologia bat definitu beharko dugu, eta Hegoaldeko eta Iparraldeko euskal gizarteek erabaki dezatela, nola sesitu nahi dituzten gai horiek, ondoren nola tratatu nahi dituzten, eta konpontzen saiatu. Ibilbide garrantzitsua da, konplikatua, luzea, baina zinez beharrezkoa, etorkizun demokratiko, baketsu eta bare bat ikusi nahi badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.