Bizi berri bat hasiko dute. Espetxean 24 eta 25 urte igaro ondoren atzo atera ziren libre Jose Ignacio Gaztañaga, Juan Mari Igarataundi eta Jose Mari Perez Txuri euskal presoak. Zestoako plazan,Igarataundik esan zuen irteera «gazi-gozoa» izan dutela. Izan ere, Parot doktrina izenez ezagutzen den 197/2006 doktrina ezarri zieten arren, haren kontra jarritako helegitea onartu eta arrazoia eman die hiru horiei Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Baina kontrako erabakia hartu du egoera berean zeuden beste 25 euskal presoen kasuetan. Hirurentzat berri onak izan diren arren, euskal presoentzat ez da berri ona Konstituzionalak 197/2006 doktrina babestea, eta badakite hori. Espetxetik irten berritan gogoan izan dituzte gainerakoak, eta azkenengo euskal presoa etxean izan arte lanean jarraitzeko eskatu dute.
Arratsaldean atera ziren espetxetik. Ocaña I-etik atera zen Gaztañaga arrasatearra, Leongo Mansillatik Igarataundi eta Burgosko kartzelatik Perez. Azken horri espetxe aurrean egin zioten aurreneko harrera. Ikurrina eta euskal presoak etxeratzeko maindirea eman zizkioten, eta aurreskua dantzatu. Askatasuna ospatzeko topa ere egin zuten espetxe aurrean bertan. Zarautzerako bidea hartu zuten, eta han ere egin zioten ongietorria.
Igarataundi 19:00ak pasatuta iritsi zen Zestoara. Senide eta lagunez inguratuta sartu zen herrira, txalaparta soinuekin. Agurra dantzatu zioten, eta lore eskaintza egin. Ondoren, bere argazkia kendu zuen.
Elkarretaratzeak herriz herri
Parot doktrina ezarririko presoak gogoan izan zituzten atzo hilero azken ostiralean egiten diren elkarretaratzeetan, eta baita gaixotasun larriak izan arren preso dituzten euskal herritarrak ere. Bereziki larri dauden 15 preso askatzeko eskatu zuten, eta bereziki Txus Martin presoa aske uzteko: «Txusek espetxeratuta segitzen duen segundo bakoitza eskubide urratze larria da», azaldu zuten herriz herri egindako elkarretaratzeetan.
Ehunka lagun bildu ziren Herrira mugimenduak antolatuta hileroko azken ostiraletan egiten diten mobilizazioetan. Bilbon, esate baterako, 300 lagun bildu ziren Arriagan eta 80 Sabin Etxean. Ondarroan 208 lagun bildu ziren, Durangon 95, Gernikan 71 eta Abadiñon 65, Basaurin 50, Otxandion 60, Zeberion 28, Zamudion 30, Markinan 60, Arrigorriagan 80, Karrantzan 30, Lesakan 64, Leitzan 30, Arrasaten 350, Aretxabaletan 90, Zarautzen 203, Getarian 67, Azpeitian 144, Usurbilen 132, Errenterian 236, Oiartzunen 130, Pasai Donibanen 45, Pasai Antxon 60, Hondarribian 81, Irunen 90, Zaldibian 88, Tolosan 70, Villabonan 79, Zizurkilen 58, Ibarran 55, Lizartzan 42, Anoetan 39, Berastegin 38, Gaztelun 17, Ikaztegietan 15, Alegian 15, Adunan sei, Uztaritze 22, Larresoro 43, Garazi 65, Baiona 35, Ziburu 45, Maule 15, Senpere 21, Azkaine 20, Urruñan 23 eta Bidarten 23.
«Gazi-gozo» atera dira espetxetik Igarataundi, Gaztañaga eta Perez
Ehunka lagun elkartu dira herri eta auzoetan, euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu