«Gazte boterearen» isla izan nahi du Urduñak lau egunez

Gaur hasiko da Gazte Danbada jaialdia, Ernai gazte antolakundearen «lana eta filosofia plazaratzeko» asmoz

Hodei Iruretagoiena
2013ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Martxoaren 2an Lizarran (Nafarroa) egindako kongresuan aurkeztu zuten Ernai, Zukgua prozesu eratzailearen ondoren. Euskal Herri osoko 2.500 gazte inguruk parte hartu zuten eratze prozesuan. Gaurtik astelehenera, Ernairen «lana eta filosofia» islatu nahi duen jaialdi bat egingo dute Urduñan (Bizkaia). Hilabetetako lanaren ondoren, hamaika ekitaldi antolatu dituzte.

«Euskal Herrian dagoen gazte boterea irudikatu nahi dugu», azaldu dio BERRIAri Ernaiko bozeramaile Gotzon Elizburuk. «Hau da, badagoela gazteria bat gazteok dauzkagun arazoei aurre egiteko prest, borrokatzeko prest, euskal estatu sozialista baten alde lan egiteko prest». Ehunka gazte joatea espero dute,autobusetan. Nazioarteko ordezkari ugari ere gonbidatu dituzte: bai Europako beste herrialdeetakoak, baita Saharakoak, Kurdistangoak, Kolonbiakoak eta Palestinakoak ere.

Joan den asteko ostegunean ekin zioten Urduñan guztia prest uzteko lanari. Muntatze lanak «erritmo politean» joan direla dio Elizburuk. «Gainera, ostiraletik aurrera, gazte mordoa arituko da lanean», nabarmendu du.

Gauetan kontzertu ugari ere izango diren arren, «indar berezia» eman nahi izan diete eguneko ekitaldiei. 60tik gora ekitaldi izango dira hitzaldi, tailer, ikastaro eta abarren artean. Gaur, 13:00etan egingo duten harrera ekitaldiaren ostean, izango da zer aukeratu: 16:30ean LOMCE legeari buruzko hitzaldia, 17:00etan irrati tailerrak, Joxemi Zumalabe fundazioko kideen mahai ingurua... Larunbatean, esaterako, Nekane Juradok hitzaldia emango du sare sozialen eta herri mugimenduaren inguruan, eta hegemoniaz eta borroka ideologikoaz ere ariko dira Lapiko Kritikoa kolektibokoak. Euskal kantagintza berriari buruzko ikuskizuna ere eskainiko du Morauk. 20:00etan, berriz, jaialdiko ekitaldi nagusia egingo dute.

Aberri Eguna izaki, martxa eta ekitaldia egingo dituzte igandean, eta ezker abertzaleak hitzaldia emango du euskal estatua lortzeko bideez. Azkenik, astelehena Urduñako herritarrei eskerrak emateko baliatu nahi izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.