Jazarriak izaten ari direla salatu dute hainbat gaztek azken hilabeteetan. Arrazoi ideologikoengatik jarraitu, bahitu, jipoitu eta mehatxatu dituztela salatu dute; gazte independentista izateagatik jazartzen ari direla. Gazte horietako lau hedabideen aurrean agertu dira salaketa egiteko, eta ez dira bakarrik egon. Hogei bat pertsonaren babesarekin agertu dira jendaurrean; beste horrenbeste gizarte eragileetako ordezkariekin. Gernikako Akordioaren sinatzaileen izenean, babesa agertu diete horiek gazteei. Halako jazarpenak amaitzeko eskatu dute. Gazteei lanean jarraitzeko «adorea» eman, eta «haien jarduera politikoa askatasunez egin dezaten» laguntza emango dietela jakinarazi dute. Babesa agertu duten eragileek bere esku dituzten baliabideak eskaini dizkiete gazteei. «Elkartasun formala baino gehiago behar dute».
Iraide Lejarreta 22 urteko basauriarra iazko ekainean mehatxatu zuten, lehenengoz, kaleko jantzitako poliziek. Aurten ere jaso ditu mehatxuak: udaberrian, Irlandan ingelesa ikasten ari zela, Poliziaren mehatxu deiak jaso zituen; Euskal Herrira itzuliz gero atxilotu egingo zutela esan zioten.
Andoni Akasolo 25 urteko dimoztarrak etengabe jasan ditu jarraipen eta mehatxuak 2009. urtetik. Aurten bere baserri inguruan harrapatu eta «bahitu» dutela salatu du. Mendira eraman zuten, kolpe eta mehatxu artean, eta Poliziari laguntzeko eskaintza egin zioten.
Galder Barbado 18 urteko amurrioarra 2008an atxiki zuen lehen aldiz Guardia Zibilak. Mendira eraman, eta ordubetez galdezka izan zuten, kolpe gogorren artean. 2009an, Ertzaintzak atxiki zuen Amurrion; ilea tiraka atera zioten eta listua, atzamarra ahoan sartuta, DNA proba egiteko. Aurten, autoaren sarraila silikonaz itxita aurkitu du, eta leihoan Jódete (izorra zaitez) idatzia zuela. Polizia atzetik du etengabe.
Gotzon Elizburu Soraluzeko 23 urteko gaztea ere etengabe jarraitzen dute poliziek maiatzetik. Etxe aurrean auto bat du etengabe, eta handik, etxe ataria grabatzen diote bideoz.
Halaber, Aulestiko Mikeldi Zenigaonaindiak ere salatu du poliziek birritan bahitu eta mehatxatu dutela. Ainara Bakedano iruindarra espetxetik atera zenetik jazarria dela salatu dute, eta beste gazte independentista batzuek ere antzeko egoerak jasan dituztela.
«Onartezina da konponbide politikoa gauzatu asmo dugun une honetan gazteok jasaten ari garen jazarpena», adierazi du Elizburuk guztien izenean. «Helburu politikoetan berretsi», eta lanean jarraituko dutela ohartarazi du.
Estitxu Ugarte Hiruko kideak «gatazka politikoa behin betiko konpontzeko» gazte independentistek gainerako eragileekin egindako lana nabarmendu du, Gernikako Akordioaren sinatzaileen izenean. «Bake eta normalizazio politikoa lortzeko abagune aproposa» dagoela azaldu du, baina, oraindik, «iraganera itzuli nahi dutenak» badaudela. Hor kokatu ditu jazarpenak: «Euskal gazte independentistei jarduera politiko publikoa egiteagatik jazartzen dieten polizia indarrek ez dute Euskal Herrirako bake eta normalizazio politikorik nahi, ezta haien arduradun politikoek ere». Gazteei lanean segitzeko eskatu, eta horretarako laguntza eskaini diete. Jazarriak diren guztiei gertatutakoak epaitegietan salatzeko deia egin die.
Gazte independentistak bakean uzteko eskatu du Gernikako Akordioak
Polizien jazarpena jasaten ari direla salatu dute hainbat gaztek, eta babesa agertu diete akordioaren sinatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu