Euskadiren Gazte Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak beste kanpaina bat abiatu dute sare sozialetan “konpromiso soziala erakusten jarraitzeko” eta COVID-19aren aurkako prebentzio neurrien gainean gazteek “kontzientzia hartzen jarraitzeko”. Maialen Olabe Euskadiren Gazte Kontseiluko presidenteak jakinarazi duenez, kanpainaren bitartez adierazi nahi dute uda honetan garrantzitsua dela “burua erabiltzea” eta “konpromiso soziala” erakusten jarraitzea. "Kontua da gazteek konfinamenduaren hilabeteetan izan genuen konpromisoari balioa ematea, eta orain zentzu komuna erabiltzeko deia egiten dugu higienea areagotzeko, distantzia soziala mantentzeko eta maskarak beti erabiltzeko”, nabarmendu du Olabek. Denon esfortzuari esker egin dela aurrera jakinarazi dute, eta Kontseiluak uste du 2020ko uda dela “gazteen ahalegina ikusarazteko” garaia.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bi bideo egin dituzte, 20 segundokoa bata eta 40 segundokoa bestea, eta horiek sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira. #BetiMaskara traola sortu dute. Osasun krisian guztiek ahalegina egin behar dutela nabarmendu nahi dute, gazteek ere koronabirusaren aurkako segurtasun neurriak har ditzaten: maskara erabiltzea, segurtasun distantzia fisikoa errespetatzea eta higiene neurriak hartzea.
Bideoan azaltzen diren irudiak Gorka Vazquez ilustratzailearenak dira, eta, horietan, eguneroko hamaika egoera azalzten dira. Ikus-entzunezko lanetan gazteak ageri dira, hainbat lanbidetan jarduten: hirugarren sektore sozialeko boluntario bat, ertzain bat, supermerkatuko langile bat eta Osakidetzako bi profesional ageri dira.
Horrez gain, irudietan gazteak ageri dira beren kirol talderik gogokoenaren arrakasta ospatzen maskararik eta distantzia sozialik gabe. Dantzan dabiltzan gazte horien ondoren, ospitalean oso gaixorik dagoen beste gazte bat agertzen da, eta bideoaren amaieran berriro futbol estadioko giroa irudikatzen da. Hasieran garaipena besarkaden bidez ospatzen duten arren, bukaeran elkarrengandik urruntzen dira, eta bakoitzak bere maskara janzten du.