politika

Gazte mugimenduaren kontrako errepresioa salatu dute 2.000 bat lagunek Iruñean

Torturak, legez kanporatzeak eta gazteek orohar jasaten duten jazarpena salatzera atera dira Nafarroako hiriburuko kaleetara 2.000 pertsona inguru. Gizarte eragile askok egin dute bat deialdiarekin, besteak beste, EAk, Aralarrek, ezker abertzaleak, ELAk, LABek eta ESKek, Lokarrik eta Euskal Herrian Euskarazek.

2010eko maiatzaren 22a
18:57
Entzun
Torturak, atxiloketak, eta legez kanporatzeak salatzera atera dira Iruñean, gazte mugimenduak jasaten duen errepresioaren kontra egitera. Golem zinema aretoetatik atera dira 2.000 lbat lagun, eta hiru pankartaren atzean pilatu dira: pankarta nagusian Proiektu guztiak defendatzeko eskubidea mezua eman dute, eta ondoren Torturarik ez, Ilegalizaziorik ez leloak. Euskal Herri osotik gerturatu da Iruñera jendea errepresioa ez dela bidea aldarrikatzera.

Josu Espartza Amnistiaren AAM Aldeko Aldeko Mugimenduko kideak esan duenez, "eskubide urraketak salatzera Euskal Herri osotik etorri da jendea, gazteen eskubideen murrizketa salatzera". Esperantza garaia bizi dugula ere esan du Espartzak, baina era berean, errepesiotik ez dela konponbidea etorriko nabarmendu du. Horrekin batera, "herritarren iritzia errespetatzeko" eskatu du, uste duelako proiektu guztiak direla zilegi, eta denek dutela lekua gure gizartean.

AAM izan da manifestazioarekin bat egin duen taldeetako bat, baina gizarte eragile askok batu dira ekimenera, besteak beste, EA, Aralar, ezker abertzalea, ELA, LAB, ESK, Lokarri, Euskal Herrian Euskaraz, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Sasoia, Ahaztuak eta Bilgune Feminista.

=Gazteria, sektore hauskorrena=b

Gazteria da babesik gabe dagoen sektore hauskorrena, antolatzaileen arabera. 2006ko urtarrilaren 19an Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi erakundeak «terroristak» zirela ebatzi zuenez geroztik, estatistika beltza areagotu da: ia astero lan politiko eta sozialean diharduen gazte independentista bat atxilotzen dute; hamabost egunetik behin, torturak jasan dituela salatzen du gazte batek; eta aste eta erditik behin, gazte bat espetxeratua izan da. Igor Arroyok, Nafarroako LABeko ordezkariak, eta Iker Aristuk, 2008ko urrian atxilotu zuten gazte iruindarrak, eman zituzten datuok manifestazioa aurkezterakoan. Dokumentu bat ere kaleratu zuten.

Dokumentu horretan, hiru eskaera egin dituzte. Batetik, Espainiako Estatuari eskatzen zaio inkomunikazioa baimentzen duen legea indargabetzeko, «tortura bukatuko dela ziurtatzeko». Nazio Batuen Erakundeak eskaera bera egiten duela gogorarazten dute. Bigarrenik, Espainiako Estatuari galdegiten diote gizarte eta politika arloko erakundeen legez kanporatzea ahalbidetzen duen legea indargabetzeko. Hirugarrenik, hala Espainiako nola Frantziako estatuei eskatzen zaie, edozein giza, kultura eta proiektu politiko garatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.