Altsasuko auzia

"Gazteak direlako" Altsasuko zazpiek kartzelan jarraitzeko eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak

Preso sartu zituztenek jarritako helegite bat aztertzen hasi da gaur Auzitegi Nazionala —ez da erabakirik espero gaur—. Hamaika auzipetuek Carmen Lamela epailearen aurrean deklaratuko dute bihar, tramiteak betez.

Azaroaren 26an manifestazio jendetsua egin zuten Altsasun. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2016ko abenduaren 19a
07:32
Entzun 00:00:0000:00:00

Carmen Lamela epaileak baldintzarik gabe espetxeratu zituen Altsasuko zazpi lagunak, bi guardia zibil eta haien bikotekideak jotzea egotzita. Behin-behineko espetxeratze horien kontra helegitea jarri zuen defentsak, eta Auzitegi Nazionaleko laugarren zigor aretoak gaur hasi da epailea aztertzen espetxeratze horiekien aurrera jarraitu edo ez.

Jose Perals fiskalak espetxean segi dezatela eskatu du, argudiatuz gazteak direla. Fiskalaren ustetan gazteak ez daude zaharragoak bezain errotuak, eta horrek ihes egiteko arriskua areagotzen du, bere ustetan. 19 eta 24 urte bitartean dituzte espetxean dauden zazpiek. Terrorismoa leporatu izanak ihes egiteko arriskua handitzen duela ere esan du.

Erabakiak erabaki, bihar, epailearen aurrean deklaratu beharko dute, berriz ere, auzian nahastu dituzten 11 gazteek, eta biharko, giza kateak deituta daude Altsasun eta Sakanan, gazteak libre uzteko eskatzeko.

"Euskal Herri osoan eragina duen zerbait dugu gure aurrean. Altsasun gertatu dena Euskal Herriko edozein lekutan gerta zitekeen", ohartarazi zuten Altsasukoak Aske plataformako kideek, mobilizazioak iragartzeko emandako prentsaurrekoan.

Auzipetuei eta haien senideei elkartasuna adierazteko asmoz, giza sarea egingo dute hilaren 20an, arratsaldeko zortzietan. Ordu horretan Iortia Kultur Gunetik abiatuko dira zortzi edo bederatzi giza kate; auzipetuen etxeetarainoko bidea egingo dute, eta handik berriz plazaraino.

Bestalde, plataformak salatu du hainbat komunikabidek auzipetuen argazkiak zabaldu dituztela, haien defentsa eskubidea eta errugabetasun printzipioa urratuz. "Horregatik, asteartean, gure auzokideen askatasuna eta zirku honen bukaera aldarrikatuko dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.