'Nerabeen garrasia' liburuaren egileak

Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal: «Gazteak helduok eraikitako gizartearen sintoma bat dira»

Nerabeen buru osasunaren egoera kaskarra eta sare sozialak erabiltzeko gaitasun falta lotuta daude. Hala ondorioztatu dute Telmo Lazkano irakasleak eta Maitane Ormazabal psikoterapeutak 'Nerabeen garrasia: osasun mentala aldaketa garaian' liburuan.

Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal
GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
Lasarte-Oria
2023ko abenduaren 01a
05:00
Entzun

Nerabeen buru osasunaren auzia aspaldian dago mahai gainean, baina galdera anitz dira oraindik argitu gabe: nondik datoz gazte horiek pairatzen dituzten depresio, antsietate eta elikadura nahasmenduak? Zergatik babesten dira hainbertze gazte beren sakelakoetan eta sare sozialetan? Horrek badu eraginik buru osasunean? Galdera horiek guztiak erantzun dituzte Nerabeen garrasia: osasun mentala aldaketa garaian liburuan. Telmo Lazkano Gizarte Zientzietako irakaslea (Zumaia, Gipuzkoa, 1994) eta Maitane Ormazabal psikoterapeuta (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1979) dira egileak, eta ebidentzia zientifikoa, profesionalen jakintza, testigantzak eta tresna praktikoak bildu dituzte lanean. Ikastetxeak beraiekin kontaktuan jartzeko bidea ere ireki dute: mugikorrarenauzia@gmail.com helbidea.

Egungo nerabeen buru osasuna aztertu eta gero, nerabeak aspalditik «garrasika» daudela diozue. Non ikus daiteke hori?

MAITANE ORMAZABAL: Hezkuntza izaten da alarma pizten den lehenengo lekuetako bat. Izan ere, etxean asko kostatzen zaie esatea gaizki daudela, ume batek hori esaten digunean kostatu egiten baitzaigu onartzea. Heldu moduan, oso gogorra da gure seme-alabak sufritzen ari direla ikustea. Eskola izaten da alarma pizten den lekuetako bat, umea gaizki portatu delako edo jarrera jakin bat izan duelako. Zer da okerrena? Sakelakoaren bitartez egiten dituztela garrasiak, eta hori oso larria da.

TELMO LAZKANO: Garrasi horiek entzutean, nerabearen testuingurua aztertu behar dugu: zer-nolako arreta jarri diogun zerbait kontatu digunean, ea entzun egin diogun edo epaitu. Hor dago hausnarketa egiteko gakoa. Mingarria da, baina beharrezkoa.

«Berez, nerabezaroa aldi gogorra da, krisialdi bat gertatzen baita: gure identitatea eta autoestimua sortzen ari gara. Orain, sakelakoaren faktore horrengatik, askoz gehiago behar gaituzte nerabeek, gailuek gure tokia hartu baitute».

 MAITANE ORMAZABALPsikoterapeuta
Sakelakoak nola eragin du nerabeen errealitatean?

ORMAZABAL: Egoera mila bider okerragoa da orain. Lehen, eskola jazarpeneko kasu bat eskola eremuan gelditzen zen, eta umearen etxea leku seguru bat zen. Baina orain ez, ez dago leku segururik. Berez, nerabezaroa aldi gogorra da, krisialdi bat gertatzen baita: gure identitatea eta autoestimua sortzen ari gara. Orain, sakelakoaren faktore horrengatik, askoz gehiago behar gaituzte nerabeek, gailuek gure tokia hartu baitute.

Nola iritsi gara egoera horretara?

LAZKANO: Ez da kasualitatez gertatu, kausalitatez baizik. Gure familiaren mikrosistemak eragiten du gehien gugan: haiek egoera batzuetan jokatzen duten moduaren arabera, guk ere hala egingo dugu. Hau da, guraso eta hezitzaile moduan, geure buruari galdetu behar diogu nork lasaitzen zuen semea edo alaba txikia zenean eta aztoratuta zegoenean, sakelakoak ala guk; eta, ondorioz, orain zer bilatzen duen lasaitzeko. 

ORMAZABAL: Teknologia horiek garatzen dituzten enpresek behar bat bete dute, gu konturatu gabe. Hau da, gure gazteek garrasika eskatu dute gu haien ondoan egoteko, sostengu emozionala emateko, entzuteko eta gertatzen zaien horri balioa emateko. Baina sakelakoek gure presentzia hartu dute, gu konturatu gabe. Horregatik, ez gatoz inor epaitzera, bakoitzak ahal duena egin baitu.

Errealitatea zein den argi dago, baina nola egiten ahal zaio aurre?

LAZKANO: Beldurra errespetu bihurtu behar dugu. Izugarrizko tresna horiek erabiltzeko gaitasuna lortzea da abiapuntua. Hau da, kontua ez da tresna horiek ongi edo gaizki erabiltzea; izan ere, jarrera horrek zuritu besterik ez ditu egiten aplikazio horiek, eta erantzukizun guztia erabiltzailearen gainean jartzen du. Konturatu behar dugu pertsona bat hezteaz ari garela, adiktiboa den zerbaitekin harreman osasuntsua izan dezan. Nerabe batek ez badu sare sozialak erabiltzeko gaitasunik, erabilia izango da, eta ez erabiltzailea.

«Konturatu behar dugu pertsona bat hezteaz ari garela, adiktiboa den zerbaitekin harreman osasuntsua izan dezan. Nerabe batek ez badu sare sozialak erabiltzeko gaitasunik, erabilia izango da, eta ez erabiltzailea».

TELMO LAZKANOGizarte Zientzietako irakaslea
Horregatik gomendatzen da adin jakin bat izan arte sakelako propiorik ez izatea?

LAZKANO: Hori da. Adin horiek ezartzea ez da ausazko kontu bat. Adibidez, suizidio kasu askorekin dago lotua teknologia horien erabilera: ziberjazarpena da nerabeek beren buruaz beste egitea eragiten duen arrazoi nagusia. Baina adina atzeratzeak ez du esan nahi modu egokian erabiliko dituztenik: gaitasunak lortu behar dira, informazio integrala behar da.

Nerabeek formakuntza behar dute gaitasun horiek lortzeko. Gurasoak prest daude horiek emateko?

LAZKANO: Hortxe dago aurrera egiteko gakoa. Nik formakuntzak ematen ditudanean, gurasoei eta hezitzaileei ematen dizkiet gehienak. Nerabeak inplikatu behar ditugulako, bai, baina aldaketaren gakoa helduengan dago. Zehazki, gaiak lau erpin ditu: gurasoak, ikastetxeak, nerabea eta instituzioak.

ORMAZABAL: Terapian oso erraz ikus daiteke egoera: askotan etortzen da ume bat gurasoak arduratuta daudelako, baina nik lehenengo momentutik esaten diet haiek ere terapia egiteko mesedez. Gurasoek euren beldurrak, frustrazioak eta espektatibak lantzen badituzte, umeak bere pentsaera aldatzen du, bakar-bakarrik. Izan ere, egungo gazteak helduok eraikitako gizartearen sintoma bat dira, ispilu bat. Horri buelta eman, eta galdetu egin behar dugu: haiek horrela badaude, ni nola nago?

Izan heldu edo nerabe, zein dira gakoak teknologiarekin harreman osasuntsua izateko?

LAZKANO: Adina errespetatzea ezinbestekoa da, eta, horrez gain, ohitura osasuntsuak eraikitzea. Batetik, otorduetan sakelakoak begien bistatik kentzea, elkarrekin jateko. Bestetik, zehaztu behar da nerabeek non erabil dezaketen sakelakoa eta non ez; komunean edo logelan, adibidez, ez.

ORMAZABAL: Haiek sentitzen dutenari balioa ematea: nerabeei gertatzen zaizkienak ez dira tontakeriak, ez dute atentzioa bereganatu nahi gu haiei begira egoteko, gaizki daudelako baizik. Gaur egungo nerabeen garrasia sufrimenduaren garrasia da, gure alderdi emozionalarena. Horri erantzun egin behar diogu, bestela sakelakoak erantzungo dio.

Berriki jakin dugu Donostiako ikastetxe bateko zenbait ikasle eduki pornografikoa zabaltzen zuen talde baten sartu zituztela. Zer egin dezakete gurasoek horrelakoetan?

ORMAZABAL: Horrelako egoeratan oso indibidualki jokatzen dugu askotan, guraso bakoitzak ahal duena egiten du: taldetik atera, eta gertatutakoa ahazten dugu. Izan ere, beldurra izaten dugu gure seme-alabek talde horretako edukia edo taldea bera partekatu dutelako, baina gertatutakoa onartu, eta salaketa jarri behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.