Intelektual eta politikari batzuek bultzatutako Gaztelaniaren defentsarako manifestua (berez Hizkuntza komunaren aldeko manifestua du izena) errefusatu du gaur Kataluniako gobernuko eta PSCko buruak, Jose Montillak. Honen iritziz, manifestuak Kataluniako estatutu berriaren eta Espainiako Konstituzioaren aurka egiten du. "Txantxa gutxi, katalanaren eta katalanen arteko elkarbizitzaren kontra doa".
Adierazpen horiek Kataluniako Legebiltzarrean egin ditu Montillak, PPC Kataluniako Alderdi Popularreko buru Daniel Sirerak sostengu eske eginiko galderari erantzunez. Montillaren ahotan, manifestu hori ez da beharrezkoa, "gaztelaniak ez duelako defentsarik behar, ez baitago arriskuan", manifestuaren sinatzaileek diotenaren kontra. Aitzitik, ekimen horrek Espainian "katalanofobia" bultzatzen duela nabarmendu du Generalitateko buruak.
Manifestua gogor kritikatu dute Espainiako estatuko hizkuntza gutxituen aldeko taldeek eta Madrilen menpe dauden herrialdeek. Herrialde Katalanetan ez ezik, Euskal Herrian eta Galizian kritika ugari jaso ditu. Gurean, euskararen egoera normaldugabearen kontrako beste eraso bat dela salatu dute.
Manifestuaren bultzatzaileen artean hainbat euskal herritar daude, zentro-eskuineko ideologiakoak, hala nola UPyD Batasuna, Aurrerapena eta Demokrazia alderdiko sortzaile eta diputatu Rosa Diez (PSE Euskadiko Alderdi Sozialistako diputatu ohia), Fernando Savater idazle eta filosofoa, Carlos Martinez Gorriaran eta beste. Gainera, Mario Vargas Llosa idazle peruarrak ere haiekin bat egin du, baita PP Alderdi Popularreko buru Mariano Raxoik ere.
Politika
'Gaztelaniaren aldeko manifestua' errefusatu du Generalitateko presidenteak
Kataluniako Generalitateko presidente Jose Montillak (PSC alderdi sozialistakoa) uste du 'gaztelaniaren defentsarako manifestua' Kataluniako estatutu berriaren nahiz Espainiako Konstituzioaren kontra doala, eta hura errefusatu egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu